Zulo puska kale nagusian

Guaixe 2016ko aza. 4a, 10:04

Kale Nagusiaren 1. zenbakiaren ondoan porlanezko zorua hondatuta zegoela, behera egin zuela ikusita, Irañetako Udalak hura konpontzea erabaki zuen. Konpontzeko pikatzen hasi eta lau metro karratuko zuloa sortu zen bat-batean. Zuloak agerian utzi zuen kalte guztiaren eragilea: Irañeta hegoaldetik iparraldera lurpetik zeharkatzen duen Basokoetxea erreka kanalizatua.

Juan Angel Beraza alkateak azaldu digunez, ur biltegian soberan dagoen ura da errekaren emaria. “Toki horretan errekak bihurgune handia egiten du. Neguan, emari handiarekin, errekak harriak eta beste ekartzen ditu. Harriek zimenduen kontra indarrez jotzen dute”. Eta zimenduak kaltetuta tunelaren bobeda ahuldu eta horrek kaleko zorua behera egitea eragin zuen. Ez hori bakarrik. Zimenduak kaltetuak egotean ura paretaz bestaldeko lurra eramaten hasi zen. Zuloak hornidura sareak eta beste agerian utzi ditu. “Segituz gero etxearen zimenduak kaltetuko zituen”.

Berazak argitu digunez, garai batean erreka herri erditik pasatzen zen eta hainbat harrizko zubi zeuden herrian barna. “1924an zubi berri bat egiteko gobernuari diru eskaera egin zion udalak”. Erreka lurpean uzteko lanak ondorengoak dira, beraz. Alkateak argitu digunez, “zubiak mantendu zituzten eta zubi eta zubi artean porlanez egina dago tunela”.

Premiazko konponketa
“Euria egin aurretik konpondu beharra dago, bestela ezin da lan egin”. Halaxe jakinarazi digu Berazak. Eta horretan ari da udala. Nafarroako Gobernuarekin ere harremanetan da, diru-laguntza eskatzeko aukera aztertzeko. Gaur Toki Administrazio Departamentuko teknikari bat izan da Irañetan egoera aztertzen. “Soilik premia duten lanak diruz laguntzen dituzte”, jakinarazi digu alkateak.

Ezusteko zuloaren ondoren errekak herrian lurpean egiten duen bidean tunela nola dagoen aztertzen aritu dira udaleko kideak. “Ongi dago”. Dauden zulotxoak heldu den urteko udan porlanez konpontzeko asmoa du udalak.

Markesina
Autobusaren zain egoteko eraikinak egurrezko eskailerak zituen. Baina oso egoera txarrean zeuden, solte. Irintarrak markesina auzolanean berritzen ari dira. Eskailerak kendu dituzte. Alkateak hurrengo zereginak azaldu dizkigu: “autobus erabiltzaile gehienak adinekoak direnez, lurraren arrasean geldituko da. Pixka bat gorago. Barruan porlanezko bankua eginen dugu. Hura eta bizkarraldea eskaileretatik kendutako zurarekin estaliko ditugu”.