Bertso-udalekuak Irañetan

Guaixe 2017ko uzt. 16a, 13:07
Irañetako bertso-udalekoetako begiraleak. Argazkia: www.bertsozale.eus

Hamar egunetako egonaldian bertsolaritza aisialdiko bestelako ekintzekin uztartuko dute 35 gaztetxok
Irañetako Juantzirena aterpetxeak Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak antolatutako bertso-udalekuak hartu ditu beste behin. Asteartean iritsi ziren Irañetara 13 eta 14 urte arteko 35 gazte. Bederatzi begiralerekin batera heldu den asteko ostegunera arte izanen dira. Hamar eguneko egonaldia eginen dute Irañetan. Elkarteak antolatutako bertso-udalekuen bost txandetako bigarren txanda da honakoa.

Hasieran elkar ezagutzeko jolasak egin zituzten. Baina udalekuan eskulan tailerrak, txangoak eta kultur sorkuntza lantzeko saioak izanen dituzte ere. Azken horietan, literatura, dantza eta antzerkia izanen dituzte langai eta, jakina, udalekuek oinarrian duten bertsolaritza ere ez da faltako. Bertso afaria ere izanen dute udalekuan: Maddalen Arzallus eta Xabi Igoa bertsolariak gaztetxoekin batera izanen dira, asteartean.