Asteburu betea dute irintarrek. Betidanik Santa Agedarekin batera ospatu izan dituzte inauteriak. Eta Santa Ageda Bezpera igandean denez, animazio berezia izanen da bihar eta etzi Irañetan.
Larunbateko ihote ospakizunak majo gosaltzen hasiko dute. Menuan, tripotxak. Txapel Azpin hamaiketakoa egin eta gero segizioa kalejiran abiatuko da. Hura osatzen dutenek guztiz txuriz jantziko dira. Bizkarraldean koloretako zintak izanen dituzte eta gerriko gorria. Koloretako zintak dituen txanoarekin estaliko dute burua. Kalejirak eta segizioak ezkongai diren emakumezkoen etxeetan gelditu eta ezpel adartxoz egindako paxoak utziko dituzte.
Kalejira elkartean despedituko da eta han mozorro bazkaria eginen dute. Iluntzen hastearekin batera, 18:00ak aldera, guztiek mozorro kalejira eginen dute eta eurekin Atxun Zarkoa izanen da. Gaixoak ez du jakinen sutan bukatuko duela. Ihote ospakizuna afari ederrarekin despedituko dute.
Santa Ageda bezperan, igandean, 17:30ean, txokolate jana eginen dute elkartean eta, ondoren, koplak kantatuko dituzte.