Hiru etxetan egindako lapurretak argituta

Guaixe 2018ko eka. 11a, 09:03
Foruzaingoak eta mossoek lapurrei atzemandako objektuak. Argazkia: Foruzaingoa.

Foruzaingoak jakinarazi duenez, Mossos d´Esquadra eta haiek etxeetan lapurretan aritzen zen gaizkile erakundea desegin dute. Haiei Katalunian 7 lapurreta, Aragoan 3 eta Nafarroan dozena bat lapurreta egitea leporatzen diete. Horietatik hiru Irañetan. Kataluniako poliziak Lleidan izandako lapurretan batzuen harira abiatu zuen ikerketa eta Foruzaingoarekin batera lapurretetan aritzen ziren bi gizonezko atxilotzea lortu zuten. Horietako bat, burua, halako aurrekariengatik espetxean egona zen eta handik atera berritan berriro taldea osatu eta lapurtzeari ekin zion.

Bi gizonezko horiekin batera beste hiru gehiago atxilotu zituzten maiatzaren 30ean. Azken horiek lapurtutako materiala jaso eta Errumanian saltzen zuten. Haien etxean azken belaunaldiko 11 telefono mugikor, 50.000 euro balio zuten 8 erloju eta 15.000 euro baino gehiago atzeman zituzten. Horrekin batera, 96.000 euroko balioa zuten diamanteak eta erlojuak ere opatu zituzten. Atxilotu guztiak Lleidako Cerverako 1. zenbakidun instrukzio epaitegitik pasa ziren. Poliziek ez dute baztertzen atxiloketa gehiago egitea.