Marcos Beraza, Espainiako txapeldunordea

Guaixe 2018ko aza. 15a, 15:16

Junior Open mailako Espainiako Enduro txapeldunordea da Irañetako pilotua

Urriaren bukaeran Espainiako Enduro Txapelketako azken jardunaldia jokatu zen Cuencan. Enduroa motokrossaren eta trialaren arteko nahasketa da: motokrossaren abiadura eta trialaren teknika nahasten ditu. Cuencan aritu zen Irañetako Marcos Beraza pilotua, Espainiako Txapelketako aurreko lasterketetan bezala. Berazak azaldu zuenez, Espainiako Txapelketako Junior Open mailako bigarren postua ziurtatzeko egin zuen lana, erritmoa gutxika hartuz. Helburua gauzatu zuen, irintarrak postua mantendu baitzuen eta Espainiako Txapelketako Junior Open mailako txapeldunordea baitugu.

“Denboraldian goitik behera egin dut. Indartsu hasi nintzen entrenatzen eta emaitza oso onak lortu nituen, baina lana egiten hastearekin batera ezin izan nuen horrenbeste entrenatu eta hori, azken bi lasterketetan, nabaritu egin da, baina lehentasunak lehentasunak dira. Dena den, egindakoarekin kontentu nago eta nire ondoan zaudetenei eta horrenbeste laguntzen eta jarraitzen nauzuen guztioi eskerrik beroenak eman nahi dizkizuet” gaineratu du pilotuak sare sozialetan.