Santa Agedari lotutako inauteri ospakizunak dira Irañetakoak eta sainduaren ondorengo larunbatean, bihar, ospatzen dute. Inauteriko protagonista Atxun Zarko panpina da. Hura prestatu nahi duenak, gaur, 18:00ak aldera, Txapel Azpi elkartean du hitzordua. Behin lana eginda Atxun Zarkoa bihar arte atseden hartzen utziko dute irintarrek.
Larunbata ihoteei erabat eskainitako eguna da. Goizean ardi tripotxak gosalduko dituzte. Mahaitik jaso eta ihote jantzia jantziko dute: goitik behera zuriz, bizkarrean koloretako zintak josiak, paxa gorria eta buruan koloretako zintzak dituzten txanoak, edo txapelak. Musika lagun, 15-20 bat irintarrek herrian barna kalejira eginen dute. Eta, ohiturari segituz, segizioak ezkongai dauden emakumezkoen etxean ezpel adartxoz egindako paxoak utziko dituzten haien etxeetan. Beharrezko geldialdi guztiak eginen dituzte horretarako.
Atzera ere Txapel Azpi elkartean izanen da hurrengo hitzordua: bazkaria. 50 bat irintar eseriko dira mahaiaren bueltan. Bazkaltzeko, ohiturari segituz, ardikia izanen dute. 18:30ak aldera, kalera mozorrotuta aterako dira, eta haiekin Aittun Zarkoa. Gurdi batean jarri eta herrian barna kalejiran ariko dira. Kalejira despeditzean, elkarte parean, Antxun Zarkoaren azkena izanen da. Sutan erreko dute, bere inguruan dantzatzen duten bitartean. Ihote ospakizuna hondarren afariarekin despedituko da.