Sutea etxe batean

Guaixe 2019ko ots. 12a, 08:32
Suhiltzaileak Irañetan sutea itzaltzen. Argazkia: Izaskun Bengoetxea.

Ezusteko aste hasiera izan zuten atzo irintarrek. Mikel Donea kaleko 8. zenbakiko etxean sutea piztu zen

Familia bakarreko etxebizitza, zaharberritzeko lanak egiten ari ziren. Larrialdi zerbitzuek 08:00ak aurretik jaso zuten sutearen berri. Altsasuko suhiltzaileak joan ziren eta lehen solairuko leihotik sua ateratzen zela ikusita eskailera zuen Cordovillako kamioia joatea eskatu zuten.

Etxeko jabeetako bat bertaratu eta suhiltzaileei atea zabaldu zien, hala ikusi ahal izan zuten ezkaratzako sabaia guztiz kaltetuta zegoela eta zati bat eroria zegoela. Suhiltzaileak atetik hasi ziren suari aurre egiten, etxera sartu ezinik. Eskaileradun kamioia iritsi zenean gelako leihotik aurre egin zioten suari. Ordurako gelak ez zuen zorurik. Azkenik, suhiltzaileek etxean sartzea lortu eta sua itzaltzea lortu zuten. Eskaileraz lagunduta teilatuan su hartu zuten materialak kendu eta lana 11:07an despeditu zuten suhiltzaileek.

Suhiltzaileek jakinarazi zutenez, gehien erre zen etxe zatia logela bateko pareta da eta, hain justu handik, beheko solairuan dagoen beheko suko tximinia hodia pasatzen da. Sua piztean etxean ez zegoen inor eta zorionez ez zen inor zauritu. Beraz, Irañetara joandako anbulantziako langileek ez zuten lanik egin behar izan. Foruzaingoa arduratu da sutea ikertzeaz.

Suhiltzaileak lanean. Argazkiak:@Bomberos_NA.