Ur biltegiaren garaia

Guaixe 2019ko api. 18a, 13:25

Irintarrak Txapel Azpi elkartearen ondoan neguko gau batean.

Dagoena ordezkatuko dute aurten eginen diren lanekin.

Urte betean Irañetako Udalaren aurrekontuen diru sarreren atalak 85.502,88 euroko saltoa egin du eta aurten 327.759,96 euro izanen dira. Gastuen atalari dagokionez, jauzia handiagoa da, 117.495,45 eurokoa, eta guztira aurten Irañetako Udalak 326.914,34n euro gastatuko ditu. Juan Anjel Beraza Gastesi alkateak aurrekontu hazkundearen arrazoia azaldu digu: “ur biltegi berriagatik da. Duguna txikia eta zaharra dago eta berria eta pixka bat handiagoa eginen dugu”.

Irintarren aspaldiko asmoa beteko da lanak despeditzean. “Proiektua 2009an egin genuen, baina finantza-krisia tarteko lanak bertan behera gelditu ziren. Aurten egin behar dira lanak. Gutxienez hasi”. Nafarroako Gobernuak lanen deialdiko pleguak bidaltzeko zain daude Irañetan, lehenbailehen hasi nahiko luketelako. Lanek 225.000 euro inguruko aurrekontua dute eta haietatik foru administrazioak 180.000 euro pagatuko ditu.

Berazak azaldu digunez, argiteria publikoko bonbilak LED argiengatik ordezkatzeko diru-laguntza deialdia egiten bada, Irañetako Udalak eskaera aurkeztuko du. “Proiektua egina dugu eta diru-laguntza oso handia izaten da”. Bestetik, udal biltegi bateko atea aldatzea aurreikusten dute aurten. “Biltegiko lanak egin ondoren beste batzuk egiteko aukera izanen dugu”.


Basabeko etxea mustu zenekoa. Udalak aterpe erabilera eman nahi dio.

Aterpea
Barga aldean dago iturburua eta ur biltegia eta han dago Basabeko etxea ere. Joan den urtean hara daraman bidea konpondu zuten. “Oso gaizki zegoen. Trenbideko trabesak ordezkatu zituzten eta haiek birrindu ondoren gelditu zen materiala erabili zen bidea bidea ongi jartzeko: ezpondak egin, zorua ongi jarri, soroetarako sarbideak txukun jarri eta Basabeko etxearen ondoan autobusak buelta emateko espazioa prestatu genuen. Ikasleak ekartzen dituen autobus bat heldu bada, buelta non eman izan dezan”. Irañetako Udalaren aspaldiko asmoa da Basabeko etxeari aterpe erabilera ematea. Are gehiago Nafarroako Gobernuak inguruko bost haritz natur monumentu izendatu zituenetik 2009an. Aldameneko iturburutik hartzen dute ura eta udan lehortzen ari delako kezka dute udalean.