Irañetako Udalak ur biltegi berria egiteko asmoa aspalditik du. 2009an proiektua egin zuten, baina finantza erakundeek sortutako krisiaren ondorioz bertan behera gelditu zen. Ur biltegiaren egoerak okerrera egin zuenez, berriro eskaera egin zion foru administrazioari eta Toki Azpiegitura Planaren bidez Nafarroako Gobernuak 180.000 euroko dirulaguntza eman dio Irañetako Udalari. Lanek 192.476,45 euroko aurrekontua dute. Enpresek euren eskaintzak hilaren 31ra arte aurkeztu ditzakete. Lanak hartzen dituenak hiru hilabete izanen ditu haiek despeditzeko.
Irintarren egungo ur biltegiak gaitasun faltagatik ez du Nafarroako Gobernuaren egungo araudia betetzen. Gainera, ez dago kota egokian kokatuta eta ur biltegiaren edukiera erdia ere iristen ez denean, presio faltagatik, inguruko abeltegietara ez da urik iristen. Horretaz guztiaz aparte, ur biltegiaren kontserbazio egoera txarra da, beti konpontzen ibili behar diren ur ihes ugari baititu.
Ur biltegi berria egungoa baino 150 bat metro metro gorago eginen da, barga aldera, Zabalgoiena dermioan, herrigunetik 2 km-ra. Ur biltegi berriak 240 metro kubikoko edukiera izanen du, bi putzutan banatuta.