Inauteri ospakizunak mahaiaren bueltan hasten dira beti Irañetan. Bihar, 10:30ean, hamaiketakoa izanen da Txapel Azpi elkartean. Platerean tripotxak izanen dituzte. Majo gosaldu eta gero, 12:30ean, ihote segizioko kideak kalera aterako dira. Goitik behera txuriz jantzita, eta bizkarraldean koloretako zintak airean dantzan dabiltzala eta gerriko gorria dutela. Burua estaltzeko koloretako zintak dituzten txanoak daramate. Segizioak herrian barnako kalejira eginen du eta ezkongai dauden emakumezkoen etxeetan ezpel adartxoz egindako paxoak utziko dituzte.
Bi bazkari izanen dira. Nor bere albiziora mozorrotutako haurrendako bazkaria 14:00etan izanen da eta haiek mahaitik jaiki eta gero, 14:30ean, helduak eseriko dira. Majo bazkaldu ondoren, atzera ere, ihote segizioa kalera aterako da. Zanpantzarra lagun dutela, Atxun Zarkoa Irañetan barna eramanen dute. Hasi duten tokian, elkartean bertan bukatuko dute kalejira, kalejirako protagonistari su emanez. Bakarren batzuk oraindik ihote ospakizuna afariarekin borobilduko du.