Ihoteak-Inauteriak 2020

Goiz aterako dira moxorroak

Guaixe 2020ko ots. 7a, 13:04

Landarra negar betean.

Ihabarko inauteriak aurreratu egin dituzte, eta larunbatean eta igandean ospatuko dituzte.

Iluntzean ateratzen dira moxorroak, landarra, hartza eta Ihabarko inauterietako bestelako pertsonaiak. Beraz, beranduegi ez ateratzeko, inauteriak otsailaren 8ko eta 9ko asteburura aurreratzea erabaki dute. Hortaz, bihar iritsiko da transformaziorako garaia Arakilgo herrian. 

Bihar goizean, 11:00etan, puskabiltza eginen dute eta etxez etxe janari bila joanen dira. Biltzen dutenarekin, herriko elkartean bazkaria eginen dute. Arratsaldean, moxorroak aterako dira kalera. Moxorroa zuriz jantzita doa, gerrikoan zintzarriak darama eta buruan kapela zuria loreekin apainduta. Aurpegia estalita daramate, eta erratzarekin jendea zikintzen joaten dira. Larunbatean moxorroak bakarrik aterako dira eta etxez etxe erronda eginen dute. Gainera, kaletik dabilen edonor, mozorrotuta egon edo ez, erratzarekin zikinduko dute. Ondoren, bajeran pikoteoa eta dantzaldia izanen da. 

Igandean Ihabarko inauterien antzezpena egiten dute eta pertsonaia guztiak aterako dira: moxorroa, landarra, hartza eta beste. Moxorroz joaten direnak eta antzezpena egiten dutenak elkartean bilduko dira igande goizean, eta aurreko egunean jasotakoarekin bazkaltzera bilduko dira berriz. Iluntzen duenean antzezpena eginen dute. Hartza, ninia, landarra, moxorroak eta aitezako kalera aterako dira. Moxorroek, oraingoan, mozorrotuta ez dagoen jendea zikinduko dute bakarrik. Kalejira egin ondoren, plazan, aitezarko erreko dute eta bere inguruan zortzikoa dantzatuko dute.