Irañetak bi ermita ditu San Gregorio eta San Migel Berri. Bargan San Pedro martir ermita zegoen. Hurrengo hiru igande eguerdietan hiru tokietan elizkizunak egon behar ziren. Azkena eroria dagoenez, Basabeko bordaren inguruan elkartzen dira irintarrak. Eta ermitaz ermitako ibilbidea Aralarko santutegian despeditu behar zuten agorrileko aurreneko igandean, meza eta bazkariarekin. Baina hori guztia bertan behera gelditu da COVID-19 gaixotasunak eragindako pandemiagatik. Osasun-agintariek arduraz jokatzeko emandako aholkua bere egin dute irintarrek eta aurten ez da erromeria-aldirik izanen.
Arrazoi beragatik gelditu zen bertan behera irintarrek Ergako Trinitate ermitara egiten duten erromeria. Imoztarrek, guliarrek eta irurtzundarrek igandean egiten dute erromeria, eta hurrengo egunean, astelehenean, joan ohi dira irintarrak. Garai batean oinez egiten zuten ibilbidea. Elizkizunaren ondoren, haiekin herrira bueltan eramaten zuten Aralarko aingeruaren irudia, eta herri guztietan geldialdiak egiten zituzten.