San Gregorio (herrian) eta San Migel berri (Urruntzarako bidean) ermitak dituzte Irañetan. Garai batean, barga aldean, Zabalen, San Pedro martir ermita zegoen. Azken urteetan hiru toki horietara garileko azken hiru igandeetan joateko ohitura dute irintarrek. Eta erromesaldia despeditzeko, agorrileko aurreneko igandean Aralarko santutegira igotzen dira eta, han, mezaren ondoren, bazkaltzen dute.
Valentin Lakuntza Muzkizek azaldu duenez, garai batean “Aszensio baino hiru egun aurreago” egiten zen, astelehenetik asteazkenera (aurten maiatzaren 21ean izan zen Aszensioa. Beti ostegunetan da). “San Gregorio lehendabizikoa, Erdi Aroko ermita da hori. San Migel berri-ra asteartean eta asteazkenean joaten ginen Zabalera, han San Pedroko ermita. Meza egiten genuen, eta gero errogatiba. Han ez zegoen gehiago”. Errogatibak uzta ona etortzeko, “eta euria behar den garaian botatzeko. Halako gauzak. Badakizu, nekazaria beti eskatzen”. Lakuntzak gaineratu duenez, “batzuetan, errogatibak egiteko, San Gregorio elizara ekartzen zen, prozesioan ekartzen zuten; euri pixka bat egiteko. Batzuetan botatzen zuen, besteetan ez. Denetarik izaten zen. Jendeak bazuen esperantza pixka bat, eginen zuela eskatzen genuena”.
Eliz mutilak herriko gurutzea hartu, eta irintarrak haren atzetik oinez joaten ziren ermitetara, 08:00etan abiatuta. “Hasieran kantaz joaten ginen, baina gero ez, bide handia dago-eta”. Gaur egun, ermitetan badaude aulkiak, “lehenago ez zeuden eta jendea zutik” egoten zen. Errogatiben ondoren, apezarekin herrira bueltatzen ziren, “santuaren letaniak kantatzen”. Behin etxean, eguneroko lanekin segitzen zuten.
Aszensio festa kendu zen, eta garilera aldatu zuten ohitura. “Agorrileko lehendabiziko igandean San Migelera joaten ginen herri guztia, mezetara. Izanen dira 15 edo 16 urte ohitura hori jarri dena. Aurretik ez zegoen ohiturarik. Horren kulpa asko nik dut. Herri guztiak joaten ziren San Migelera, eta gu ez? Zergatik ez? Hementxe bertan daukagu eta! Apezak ongi hartu zuen, esan zion herriari, eta herria konforme, gustura! Gainera, eguraldi ona emanda zegoen. Bere hartan bazkalduta eta, jendea gustura! Kontuketan. Han konpontzen da dena!” Aralarrera autoz igotzen dira, “baina lehenago, mendiz-mendi”. Uharteko basorako bidetik Uharteko portua hartu, eta aurrera.
Ermitez
Herri sarreran dago San Gregorio ermita. Eta han hasten dute irintarrek garileko igandeetako erromesaldia. “Urtean barna zerbait egoten bada, apaizak esaten du meza San Gregorion emanen duela”. Lakuntzak jakinarazi duenez, garai batean ermita tanatorio gisa erabili zen: “hil bazen bakarren bat kanpoan, hara eramaten zuten. Lehendabiziko gaua han egiten zuen. Gainera, autopsia eta dena han egiten zen. Nik ezagutu ditut hor gutxienez bost. Orain Iruñera eramaten dute dena, hemendik eta beste lekuetatik”.
San Migel berri herritik iparraldera 700 bat metrora dago. Ermitak urtean behin hartzen du irintarren bisita. San Pedro martir ermita Zabal dermioan dago, herritik hegoaldera 2,25 km-ra. “Dena lurrean dago. Orain basoan ematen dute meza, harizti batean. Udalak borda berria egin zuen, oso txukuna. Eta han, itzalean, fresko-fresko, majo, han egiten da meza”. Lakuntzak lurrean zegoela ezagutu zuen ermita. Harako bidean, bide erdian iturria zegoen, eta han freskatzen ziren.
Lakuntzak azaldu digunez, Zabal herri txiki bat zen. “Guk bagenuen han soro bat. Ni traktorearekin lantzen ibiltzen nintzela, han ateratzen ziren sekulako harriak, ongi landuta. Baita hezurrak ere! Belaunak eta orkatilak ateratzen ziren han. Berriz, atzera, lurpera bota. Baina, hurrengo urtean, atzera, buelta.’Zer egin behar dugu honekin?’ esaten nion aitari. ‘Hilerrira? Hau hara eramaten ez naiz ibili behar. Pixka bat zulatu, eta egon daitezela hor barruan’. Eta hala egin genuen. Partzela biltzearekin beste bati tokatu zaio”. Erdi Aroaren akaberakoa zela jakinarazi du, XVI. mendekoa-edo. “Handik Irañetara bizitzera etorri ziren”.
Zabalgo ermita garai bateko herriko eliza bazen, San Migel berrirekin ez da gauza bera gertatzen. “Gure arbasoek esaten zuten hemengo apezpiku batek manatu zuela egitea. Ez dakit egia den ala ez. Nik hala aditu dut: ‘Juandibarrekoako apezpiku batek egin omen zuen’ esaten zuten lehengoek. Horiek gauza horietan ez dute gezurrik esaten”.
Lakuntza Urruntza etxekoa da, eta garai batean izen hori zuen herri bat bazen. Baina ermitaren arrastorik ez dago. Herritarrak Irañetara aldatzean, “hango harriak etxe hauek egiteko erabiliko zituzten. Linpio eginen zuten! Ez dago arrastorik ere, baina ez da harritzekoa”. Irañetaren zaindaria dirudi Madalen Haitzek. “Han, bizkar hartan, ermita bat zegoen. Txiki xamarra, baina oso polita; San Donato bezala, bi gelatxo. Han egoten omen zen Santa Magdalena. Ermita hura ez zen erori; bota egin zuten. Hemengo jendeak esaten du karlistek botako zutela. Hori ez da egia. Makina bat kulpa botatzen diete karlista gizajo haiei ere. Apezpikuren bati galdetu beharko diogu, ongi jakiteko zer pasatu zen ermita harekin. Ihabarko elizari tokatzen omen zitzaion ermita. Galdetu nion Ihabarko apaizari, ez dakiela ezer esan zidan. Badakiten edo ez… Horiek ere esaten dituzte gauzak komeni zaien bezala. Hala esan zuen, eta nik sinistu egin behar”.
Kontu gehiago
Ermitek konponketaren bat behar zutenean, auzolanean egin izan ziren. “San Gregorio konpondu zen garaian udalak jarri zuen dirua”. Lakuntzak jakinarazi duenez, “ondoren, hil zirenek elizari utzi zioten dirua, eta apezak diru pixka bat izan du. Azkeneko konponketa apezaren kontura izan da. Baita elizan berriro teilak jartzea ere. Ongi gelditu da. Inon ez du batere eskatu, berak pagatu du”. San Migel berrin teilatu berria jarri zuen ere.
Sakanako ermitak lapurren bisitak ezagututakoak dira. Irañetatik ere pasa ziren. San Migel berriko sainduaren irudi barrokoa eta Zabalgo ermitako irudia eraman zituzten. Azken horretako irudia aspaldi lapurtu zuten, San Migel berrikoa “duela hamarren bat urte, edo gutxiago da eraman zutela”. Egun gorputza eta atikoa dituen erretaula barrokoa hutsik dago. “Non ote dago santu hura! Zoaz jakitera!”
Irañetan, lehen, San Babil kofradia zegoen. “Oso zaharra, XVII. mendean sortua”. Kofradiaren sorrera agiriaren kopia gordetzen duela esan digu Lakuntzak. “Nik ezagutu dut San Babil meza ematea apaizak. Kofradian, sobra ere, diru pixka bat gelditu zen horretarako. Baina, aspaldi, kofradia horrek akabo”.
Aralarko aingerua
Urruntza etxeko ezkaratzean Aralarko santutegiaren eta irudiaren koadro bana daude. “Gu, gainera, San Migelen Anaidikoak gara. Etortzen da etxera ere. Hemen adoratu, musukatu, limosna pixka bat eman, eta kitto”. Lakuntzak azaldu duenez, “aspaldi galdurikoa da maiatzaren 8. egunean prozesioan San Migelera etxe bakoitzeko pertsona bat joaten zenekoa, urtero. Eta Uharte eta Arakil ibarraren erdia ere bai (Etxarren eta Ihabar bitarteko herriak. Arakilgo gainontzeko herriak beste egun batean joaten ziren. Ubeldearen alde batean edo bestean egon, horrela egiten da banaketa). Meza eta errogatibak egiten zituzten arakildarrek, irintarrek eta uhartearrek, denak batera. Eta gero han bazkaldu, nor bere aldetik. Bazkaldu, eta han egoten ginen hizketan eta hizketan, bata bestearekin, majo, gustura uhartearrekin eta arakildarrekin. Han konpontzen ziren gauza guztiak. Beti istilu txikiren bat izaten genuen uhartearrekin. Han ez zegoen istilurik. Han dena konpondurik. Egun polita izaten zen”.
Herrira bueltan, “Uharteko bidea utzi eta Irañetako bidetik larraska, zelaitxo bat zegoen. Orain eskabadorek kendu dute. Larrautza ona zuen. Han prozesioa gelditu eta salto egiten genuen, nork saltatzen zuen luzeago. Horrelakoa zen ohitura. Batzuek metro eta erdi, beste batzuek metro bat, besteak bi metro… Haiek barreak! Apaizak ere saltatzen zuen. Han kristo guztiak saltatzen zuen, 12 edo 13 urtetako gazteek, nola neskak ala mutilak, haiek ere saltatzen zuten. Gustura! Eta gero alkateak edo apaizak esaten zuen: beno, goazen! Eta haien atzetik, formal- formal, herrira”.
Aralarko aingeruaren irudia Irañetara Trinitateko igande arratsaldean eramaten dute. “Eta hurrengo egunean, astelehenean, prozesioan Ergako Trinitatera joaten ginen. 11:00etarako han egoten ginen”. Gehienetan etxe bakoitzetik bat joaten zen. “Eguna txarra emana bazegoen, etxe guztietatik norbait. Eguna ona emana bazegoen, jende gaztea bidali eta, beste gainerakoak, sorora. Ereiteko eta, orduan, puntu-puntuan”. Han hamaika herrietako gurutzeak elkartzen ziren, Imozkoak-eta. “Gu San Migelekin joaten ginen”. Apaiza mandoan joaten zen; eta gainerakoak, oinez. Lakuntzak azaldu duenez, “gu babak jatera joaten ginen. Herritik joaten ziren bi emakume, edo gizon-andre, edo bi gizon, babak prestatzera joaten ziren, gu joaterako. Haiek askoz ere aurrerago joan behar zuten”. Babak jan eta gero, Ergako ermitan meza entzun eta irudia gurtzen zuten. “Mezatik aterata alubiak egiten zituzten emakumezko haiek. Majo, platerkada ederrak. Denok handik, berriz, atzera. Hura jan eta bakoitzak etxetik bere bokadilloa edo zerbait eramaten zuen, eta majo jendea. Han ere, ongi. San Migel lekuren batera joaten bada, jana izanen da han”.
Ergatik bueltan, irintarrak Irurtzunen “formazioan sartzen ginen”. Festa izaten zen Irurtzunen, “musikoak ateratzen ziren kalera, eta martxa jotzen zuten. Guk pausoa markatzen genuen. Bi lerrotan, San Migela erdian, eta hala iristen ginen Irurtzunera”. Etxarrenen adorazioa egiten zen. Zuhatzun eta Murginduetan ere sartzen ziren irintarrak. “Haranburuko bizkar hartan buruzagiak geldiarazi egiten zuen prozesioa, eta lista pasatzen zuen. Ea zein etxeetakoak falta ziren, edo nor joan ziren. Han apuntatzen zen. Eta joan ez zenak multa txiki bat pagatu behar zuen, pezeta pare bat edo. Ez dakit”. Herri guztietan ardoa-edo eskaintzen zieten irintarrei. “Murginduetan Eugi zegoen. Harrek ez dakit nondik ekartzen zuen ardoa. Azken ezpata-kolpea!” 17:00etarako bueltan ziren etxean.
Trinitatearekin irintarrek bi afari egiten zituzten: igandean eta astelehenean “Gehienetan axuria egoten zen jateko. Gehiago ere bai”. Aralarko aingerua hartzea tokatzen zen etxean izaten ziren. Senideak, adiskideak eta aldamenak biltzen ziren, “jende asko”. Aingeruaren irudia hartzen zutenek berehala jasotzen zuten buelta. “San Joanak izaten ziren hemengo festak, eta, Trinitatearen atzetik festak berehala izaten ziren, 15 edo 16ren bat egun. Eta aingerua etortzen zen etxean ez zegoen festarik. Etxe hartakoak Trinitatean gonbidatu zituzten senideen eta aldamenen etxeetan bazkaltzen eta afaltzen zuen. Oso polita izaten zen”. Lakuntzak jakinarazi duenez, “hori aldatu egin zen duela 40 bat urte, edo gehiago, eta Trinitate egunean, igandean, bazkaria jarri zen; eta afaria astelehenean”.
Ergakoaren ondoren, San Migel Irañetan gelditzen zen. “Asteazkenean Irañeta San Migelera joaten zen, entregatzera, hango apezengana. Egun hartan Irañeta bakar-bakarrik egoten zen. Ostegunean Corpus Christi eguna izaten zen”. Lakuntzak esan duenez, santutegi inguruan zeudela makilekin jolasten ibiltzen ziren. “Jende zaharra era bazegoen, eta zer nolako barreak egiten genituen haiekin! Zelebreak ziren”. Prozesioan bueltatzen ziren eta, orduan ere, saltoan aritzen ziren. “Herrira etorri, gurutzea utzi eta frontoira, pilota partida jokatzera. Zaharrenek jokatzen zuten. Batzuetan eskua pasatu eta pilota ikutu ez. ‘Mutikoa, kendu hadi hortik! Ez duk polita haztatzen! Sartuko nauk ni!’ Sartzen zen bestea, eta harrek baino makurrago. Polita izaten zen. Baina hori, jada, bukatu da”.
Aralarko aingerua santutegira prozesioan joaten zenetan Urrutza etxean gelditu eta sartzen zen. “Hemen adoratu. Gero, berriz, bere makilan sartu eta joaten ginen San Migelera”. Edari gabe joaten ziren mendira, “pixka bat aguantatu eta goraino”. Erga magaleko iturria irintarren egarria majo asetakoa da.
Soroen bedeinkapenaz
Herri guztietan soroak bedeinkatzeko ohitura dago. “Nire izebak egiten zuen. Nere denboran, haren lana izaten zen. Pazko eguneko hurrengo egunean ur bedeinkatua elizatik hartu eta elorri landaretxo bat hartu eta harrekin bedeinkatzen zen soroz soro. Harrek, gure etxekoa. Beste etxetan beste batzuek. Bakoitzak, bere soroak”.
Lakuntzak azpimarratu duenez, “landarea beti elorritxoa izaten zen. Elorria izan da bedeinkatua. Eta lixuntxa (intsusa beltz, Sambucus nigra) madarikatua izaten zen. Lisuntxe etxean ikusiz gero, bueno! Amak eta aitak: ‘bota ezak kanpora!’ Esaten zuten behiek okox egiten dutela (umea galdu) Baita emakumeek ere batzuetan. Ez dakit egia edo gezurra den, baina horren fama zuen”.
Sorginak ere ba omen ziren denbora batean Irañetan; Aralar magalean, Urrutzure iturburuaren inguruan. “Nik ez dut ezagutu, baino lehengo zaharrek esaten zuten gain horretan. Horko izenak: Epelburu, Epelea, Epeleko larre, Larre zaharreta, Altzibular, Txapel azpi… Izen horiek nonbaitetik heldu dira. Hala nago ni pentsatzen. Beste bakarren batek esanen du: ez, ez. Lehendik esaten zuten arbasoek bazegoela, ez zegoela. Hori esatea debekatuta zegoen. Eta haiek ere ez zuten esan nahi. Etxean behin ere ez zen sorginen konturik ateratzen. Amaren ondoan sorginen kontuak! Ez, ez. Baina zerbait bazegoela, seguru”. Izen horietako bat aukeratu zuten herriko elkarteari emateko: Txapel azpi. “Nik jarri nion”.