Aristregiren hilketa biziberritu duten labankadak

Guaixe 2020ko urr. 22a, 19:12
Gasteizko mugimendu feministak egindako kontzentrazioa. Argazkia: www.alea.eus

Alicia Aristregi Berazaren hiltzaileak emakumezko bat labanez zauritzeagatik atxilotu eta espetxeratu dute. Gasteizen izan zen erasoa, emakumezkoaren adin txikiko alabaren aurrean. 

Oroitzapen ilunak bueltatu dira irintarren artera azken egunetan, Jesus Gil Pelaezen kontra bilatze eta atxilotzeko agindua zegoela jakitean. Gizon horrek bere emaztea zen Alicia Aristregi Beraza hil zuen bizkarretik emandako bost labankadaz, autobus geltoki batean, Atarrabian, 2002ko apirilaren 9an. 1987an ezkondu zirenetik Aristregik tratu txar fisiko eta psikologikoak jasan zituen, eta, horregatik, Gil Pelaezek 3,5 urteko espetxe zigorra jaso zuen. Banandu egin ziren. Aristregik epaitegira jo eta senarrarekiko urruntze agindua lortu zuen. 

Aristregi bi semeren ama zen eta haiek eskolan utzi ondoren, lagun batekin autobusaren zain zegoela, Gil Pelaezek agindua hautsi eta bost labankadaz Aristregi erail zuen. Ordurako urruntzeko 20 agindu baino gehiago zituen. Aristregiren gertukoek erasoa “iragarritako hilketa” izan zela salatu zuten. Hurrengo urtean gizonezkoa 22 urteko espetxe zigorra jaso zuen Aristregi azpikeriaz eta ankerkeriaz hiltzeagatik.

Biziberritu 
Aristregiren senideek eta haren amaren herriko aldamenek, irintarrek, hori guztia izan dute gogoan Gasteizko larunbateko gertakarien berri jakin eta gero. 40 urteko emakumezko bat, bere 12 urteko alabarekin zegoela, labankadaz larri zauritu zuten Salburua auzoan larunbatean. Andrea ospitalean dago, bere bizitza ez dago arriskuan, eta adin txikikoa senideekin. Erasoa egin zuen gizonezkoak ihes egin zuen.

Ertzaintza ari da erasoa ikertzen. Burlatako Mugazuri kalean familiak duen lokal batean atxilotu zuten herri horretako eta Iruñeko udaltzainek herenegun goizean. Gil Pelaezek 18 urteko espetxe zigorra betea zuen eta garagarrilean baldintzapeko askatasuna jaso zuen zigorraren hiru laurdenak beteta zituelako. Gasteizko 4. Instrukzio Epaitegiak Zaballako espetxean sartzea agindu zuen atzo. Lau delitu egotzi dizkio gizonezkoari: homizidio saiakera, lesioak, mehatxuak eta sexu erasoa bikotekideari. 

Gasteizko Udalak “gaitzespenik gogorrena” agertu du eraso matxistaren aurrean, eta elkarretaratzea deitu zuen Plaza Berrian. Udalak ere bat egin du mugimendu feministak antolatutako gaitzespen-ekintzekin, eta indarkeria matxistari erantzuteko protokoloa aktibatu zuen. Era berean, babesa eta hurbiltasuna erakutsi zien emakumeari eta haren alaba adingabeari, bai eta haren ingurukoei ere, eta behar dituzten baliabide psikologikoak, juridikoak, osasun-arlokoak eta babes-arlokoak jarri zituen haien eskura.

Eusko Jaurlaritzatik, Emakunde Emakumearen Institutuak bat egin zuen erasoa gaitzesteko ahotsekin, eta biktimei babesa agertu zien.