Zilarrezko katiluaren 3Dko planoa egina

Guaixe 2021ko urt. 12a, 13:00
Irañetako Udalaren zilarrezko taza scanerrean. Argazkiak: Sakanako Garapen Agentzia.

Dinabiden egiten ari diren ikastaro bateko ikasleek Irañetako ondarearen parte diren taza digitalizatu dute.  

Eraldaketa digitalerako guneak, Dinabidek, prestakuntza ikastaroak aspaldi hartzen hasi zen. Udazkenean eskaneatzeari, irudi digitalen tratamenduari eta 3Dko planoei buruzko ikastaroa hartu zuen. Ikastaroa praktikoa zen gehien bat eta 20 bat ikasle trebatu ziren. Hori jakinda, Sakanako Garapen Agentziako Industria arloko arduradun Aintzane Iribarri Berrostegieta ibarreko udalekin harremanetan jarri zen: “herrietan dituzten zilarrezko tazak uzteko eskatu genien, haiek eskaneatu eta ondare digitala sortzeko”. 

Irañetako Udala izan zen bere tazetako bat eraman zuena eta ikasleek hura eskaneatu egin zuten. “Ondare digital bat sortu da, tazaren 3D plano bat. Orain, eranste-fabrikazioarekin, plastikozko kopiak egiteko aukera izanen da. Edo galduz gero, katiluaren 3Dko plano bat du udalak”, azaldu du Iriberrik. Ainhoa Beraza Maiza alkate irintarra izan zen pausoa ematen lehena, baina Iriberrik gaztigatu duenez, beste udal batzuk ere beraien katiluak eskaneatzen interesa dute.