Ikuskizun berriaren karabana hainbat tokitan aurkezten ari direla konturatu dira haien lana nahiko "hemendik hara" dela ere. Eta, kasu honetan, "izenburua ere bada", aipatu du Ainhoa Juaniz Zirika Zirkus-eko kideak. Hemendikara ikuskizunean, hain zuzen, Euskal Herrian egonkortu den nomada talde bat da protagonista. Herri batean esnatu dira, eta bertan haien kanpalekua zabaldu dute "berriz" publikoa dutela baliatuz. "Badirudi pertsonaiak aurretik ezagutzen ditugula. Ez dakigu haien bizitzaren atzean zer dagoen, ikuskizun honetan ez dugu horretan erreparatu, baina ezagunak egiten zaizkigu".
Munduko toki askotatik etorritako lau pertsona dira: Parisetik etorritako Conchita Lamenhir, "jolasa egin dugu Menir euskal erara idazten delako"; Errumaniako Silvano Transilvano, "alias el Conde. Berak esaten du dei iezadazue Conde"; Andaluziatik etorritako María Magdalena de los Almendrales Ramírez Aguirregomezkorta, baina Cup Kake deitzen diote, "Mundutik etorritako pertsonak aipatzen ditugu: Frantziatik, Errumaniatik, Andaluziatik… argi utziz Euskal Herria ez dela Espainia. Nahita sartu dugu estatuko pertsona bat. Jendea ez da barrez hasten, baina bai nabaritzen dira irribarreak"; eta, bukatzeko, Pantx Errusiarra, "nire pertsonaia, normalean, oso antzekoa da beti: Pantxika, Pantxikoli, Pantxi. Euskal flekilloa eta errusiar moñoa daramatzadala diot, errusiar guztiek moñoa eramango balute bezala, baina, beno".
Jon Maiaren hitzak erabili ditu Juanizek ikuskizuna definitzeko: "Euskal Herri berria garela esaten du, eta guk gauza bera esaten diogu publikoari: zuek eta gu Euskal Herria anitza gara. Gure herrietako kulturaren gauza onak eta zuen herriko kulturaren gauza onak hartuko ditugu". Esaterako, bat-batean bertso bat botatzen dute, irrintzi bat edo aurresku flamenko bat dantzatzen dute. "Pixka bat egiten duguna dena nahastea da".
'Hemendikara'
Zirku eta antzerki ikuskizuna da, baina aurreko ikuskizunekin alderatuta, Juanizek esan du desberdintasun nabarmenena dela zirku elementuak erabiltzen dituztela. "Mastila eta aroa ditugu, eta bi ikuskizun handi egiten ditugu. Aireko saioak deitzen diete". Rulo saio "oso komiko" bat dagoela aipatu du ere. "Zaila da, eta oso altuan bukatzen dugu. Hara iristeko prozesua oso komikoa da". Ikuskizun dibertigarria baina zirku teknika asko dituena dela azaldu du Juanizek: "Antzerkia komikoa da, eta zirkua oso zirkua". Beste ikuskizunetan zirkua "kasualagoa" dela aipatu du.
Herri batean, egun batetik bestera, karabana bat agertuko da. "Jendeak esnatzen harrapatzen gaitu". Lehendabizikoa esnatzen Silvano Trasilvano da, eta janaria prestatzen hasten da. "Teorian gosaria izan beharko zuen, baina, normalean, emanaldiak arratsaldez egiten ditugunez oso siesta luzea egin dugula dirudi". Malabare saio bat egiten du. Ondoren, beste hiru pertsonaiak ateratzen dira: "Esnatze bat da". Akrobazia bidezko esnatze bat. Gero, teknika antzekoarekin arropa janzten dute eta eszenografia muntatzen dute.
Zirika Zirkusen lan berriaren beste berezitasun bat "behin eta berriro estrenus interruptus" dela da, Juanizek esan bezala. Hau da, mustutzea hiru alditan atzeratu behar izan dutela. Horrek bere alde ona eta txarra izan du: "Konturatu gara normalean baina gehiago egon garela entseatzen. Normalean intentsiboagoa izan da, jarraian. Orain asteburuetan egon gara bakarrik". Formula hori ez da hain "erosoa". Denbora "pila bat" egon dira ikuskizuna prestatzen, "zaude zure arimaren eta guztiarekin". Entseguen artean "hiru edo lau egun" zituztenez, "osatzeko" aukera ematen zien. "Itzultzen ginen entsegura gauza pila bat aldatzeko aukerarekin". Iruditze zaie estreinaldira ikuskizuna "eginago" zegoenean atera direla: "Agian aurretik estreinatuta ere berdin egongo zen, baina hori iruditzen zaigu". Lana Etxarri Aranazko kultur etxean prestatu eta entseatu dute, "eta oso eskertuta gaude".
'Hemendikara'. LURI ANDERSON
Herri anitza
Euskal Herrian toki askotatik etorritako jendea dagoela irudikatu nahi zuen Zirika Zirkusek Hemendikara ikuskizunean. Sexualitatea ere lantzen dute, heteronormatismoa edo patriarkatua bezalako kontzeptuak lantzen dituzte. " Islatu nahi dugu Euskal Herrian zentzu guztietan koloretako jendea bizi garela. Denak gara hemengoak. Hori da adierazi nahi duguna". Modu askotara egin zezaketen, baina horrela atera zela azaldu du Juanizek. "Amaia oso dibertigarria zen frantsesez, frantsesa izango da; Silvano el Trasilvano barregarria iruditu zitzaigun eta asko gustatu zitzaigun… berdin zitzaigun nongoak ziren". Oso egoera eta espazio desberdinetan eskaini dute, "eta emaitza oso ona izan da. Oso pozik gaude".
Estetika oso garrantzitsua da. Emir Kusturicaren Gato Negro, Gato Blanco edo Gora Bregovic´- en Tiempo de gitanos bezalako pelikuletan oinarritu dira. "Kanpaldi nomada bat da, baina Euskal Herrian egonkortuta". Mezuak botatzeko "aitzakia" dela azaldu du Juanizek. "Naturaltasunetik. Gu horrelakoak gara. Zurekin kafe bat hartzen egongo banintz bezala adierazten dugu". Konpainia den bezalakoa dira ikuskizunak. "Esaten digutenean ikuskizun feminista bat ote dugun… gure ikuskizun guztiak dira feministak gu garelako feministak". Testua lantzen dutenean gaiak "modu naturalean" aldarrikatzen saiatzen dira.
Horregatik ere, ikuskizunean ez dira estereotipoak oso nabarmen agertzen. "Pertsonaiak dira bereziak propio dituzten berezitasunengatik, ez jatorriagatik. Amaiak eta biok hitz egiten dugu gehiago, eta berak G-a asko markatzen du eta nik R-a; Conchitak twerking-a dantzatzen du, eta hori ez da oso frantsesa". Hasiera batean ijitoen istorioa kontatu nahi zuten Hemendikaran, "baina, elkarteekin hitz egin ondoren, pentsatu genuen errespetatzeko modu hoberena zela ez aipatzea".