Uda Sakanan 2021

Irañetan poteatzen zen garaiko kontuak

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko abu. 12a, 11:39

Plazan taberna eta udaletxean ostatua. Azken horretan bi urte pasa egon zen Arantxa Beraza Gastesi. Eta haiek itxi ondoren publikoari zabalik zegoen elkartean sei urte baino gehiago. Barraren atzeko aldea aspaldi utzita, ostatu kontuak ekarri ditu gogora

Sakanako Autobia zabaldu ondoren, Irañetako sarreran, errepide zaharraren parean zegoen El Chalet jatetxearenak egin zuen. Irañeta Txapel Azpi elkartearekin gelditu zen bakarrik. Baina horren aurreko kontuak dira hurrengoak, herrian taberna eta ostatua zeudenekoak. Aurrena kale Nagusiaren 1 zenbakian zegoen, herriaren erdian, plazan; eta, atzena, udaletxearen beheko partean, sartu eta ezkerretara. Kale Nagusira ematen duten herriaren etxeko bi leihoak, luzera hori zuen ostatu hark. Atetik gertuen dagoen leihoaren parean sukaldea zegoen armairua eta ekonomikarekin. Bestearen azpian mahai luze bat eta bi aulki luze eta 22 pertsonarendako tokia zutenak. "Mahaian jende gehiago sar zedin guztiak elkarri pega pega eginda esertzen ziren. Paretaren kontra zeudenak, komunera atera nahi zutenean, zutitu eta mahai gainetik ateratzen ziren" argitu du Arantxa Beraza Gastesik. 

Taberna eta ostatua izan ziren garaian, irintarrak batean eta bestean poteoan ibiltzen ziren. "Baina ostatuan 22 pertsona sartzen ziren eta besteren bat zutik suaren ondoan. Mahaia hartzen lehenak ziren giroa jartzen zutenak. Behin hartu ondoren ez baitziren zutitzen 15:30era arte", gogoratu du Berazak.  "Herriko jende guztia elkartzen zen tokia zen" oroitzen du.  "Nire garaian Escuderotarrek eramaten zuten, ederki. Aita trenbideko langilea zen, eta ama eta seme alabek ostatuaren ardura zuten. Anai arreba ugari ziren, beti zegoen giroa". Familia udaletxean bertan bizi zen, han zuten etxebizitza. "Haiek taberna hartu zuten, eta guk ostatua. Anai arreba asko ginen, aita ausarta zen. Gure etxean bizi ginen". 19 urte zituela hasi zen Beraza han lanean, eta oroitzapen ezin hobeak gordetzen ditu. "Jende guztia elkartzen zen, bazkari afariak, mus txapelketak… egiten ziren. Kantu eta poz giroa zegoen. Oroitzapen onak besterik ez ditut", azaldu du Berazak. 

Bazkari afariak izanen zirela aurretik gaztigatzen zieten ere. "Denetarik egiten zen, baina ez zen ohikoena. Legatza kazola eta txuleta bat, esaterako. Mokadutan jateko txistorra edo dena delakoa egiten zen. Zartagina atera eta aurrera". Afaltzeko eskatzen zutenean ostatukoena zen jakiak eskuratzeko ardura. Udalak ere bere afariren bat egiten zuela ere gogoan du Berazak. Jatekoen artean ohikoenak ziren: txerri hankak eta belarriak, karramarroak, barrukiak… "Eta jendeak ehizatzen zuena: azeria, erbia… Behin batez azkonarra prestatu genuen. Hori ere ekartzen zuten. Amak edo aitak erakusten zizun, egin eta jaten zuten. Ez dakit ona edo txarra egonen zen, baina jaten zuten", gaineratu du ostalari ohiak. 

Ostatutik herri guztia pasatzen zela gogoan du Berazak, "gazte zein zahar. Onena zen bat kantuan hasi eta gazteak ere hasten zirela. Batzuek besteei kantuak ‘bota’. Edo musean sei bazeuden, hiruna gazte eta heldu zeuden. Agian ardo botila jokatuko zuten. Helduenak tranposoagoak, baina gazteek ikasten zuten". Berazak garaiko beste ohitura baten berri eman du: "igande arratsaldeetan, esaterako, jendeak bere ogitartekoa eramaten zuen. Batzuek egiteko eskatzen zuten. Koadrila handia elkartu, eta dena partekatzen zuten".   

Bezero gehienak irintarrak ziren, beste herrietakoren bat beti pasatzen zen. "Hotzez akabatzen zeudenak ekonomikaren inguruan jartzen ziren. Han zaudela arazoak dituenari laguntzen diozu ere. Ezkongabe asko zeuden. Bakarrik bizi zirenak… Denetarik egiten zen. Pixka bat laguntzen duzu. Familia handi bat bezalakoa zen, herri guztia elkarrekin bizi zen".

Emakumezkoez galdetuta, "beti bakarren bat. Gu gazte ginela joaten hasi ginen. Gu baino helduagoak zirenak, agian festetan. Bestela, emakumezkoak ez ziren ateratzen. Kartetan etxeetako txokoetan jolasten zuten". Irañetan hainbat etxe elkarren ondoan daude eta L forma hartzen dute fatxadek. "Han mahaia jarri eta kalean kartetan jokatzen zuten. Kakorratz lan asko egiten zuten ere". 

Edariak 

Ardo asko edaten zen, "eta azken orduan bermuta". Ontziratu gabe iristen ez zena bermuta zen. Ardoa botiletan Etxarri Aranaztik eramaten zuten ostatura. "Gaztetxoa nintzela, festetan, larrainean dantzaldia zegoen eta zahagiak ekartzen zituztela gogoan dut. Pitxarrak eta zilarrezko taza ederretan banatzen zen ardoa. Gero dantzaldia herrira pasa zen. Baina jendeak ardo asko edaten zuen". Edaten zen ia gehiena ardo beltza zela zehaztu du Berazak, "eta txuri pixka bat". 

Eltzean egindako kafea ere eskaintzen zuten ostatuan, tazak. Eta patxarana, izugarri. Batzuek patxarana edaten zuten, eta beste batzuek koñaka, Beterano. Hura zen ohikoena. Aukera handirik ere ez zegoen, Carlos III a". Azken horiek zerbitzatzeko kopak zituzten. "Iruñera joaten zinen, eta ikusten zenuen zein taza, baso eta kopetan zerbitzatzen zizkizuten gauzak. Eta berritzen joaten ginen". Ostatuan, gainera, tabakoa saltzen zuten, "falta ez zirenak fariak ziren". 

Pasadizoak 

"Bermuta Iruñeko Ibañezek ekartzen zigun, eta Cariñenako ardoa eskaini zigun. Aitak probatu zuen eta esan zuen: jo, zein ona dagoen!" Kaxa pila hartu zizkion. "Pixka bat garestiagoa zen, ez zuen ardo arruntaren prezioa. Jendea, uzkur xamar. Egunen batean bakarren batek: ‘ekatzu ardo goxo horretatik!’ Urtea edo gehiago pasatu zen, aitak esan zuen: ‘goazen ardo honetatik edatera!’ A ze tenpleak! Ezin duzu imajinatu. Gero ardo hartatik besterik ez zuten nahi. Baina ez zegoen gehiago, bukatu zen". 

"Behin batez, han zeuden batzuk: zergatik ez dugu afaltzen? Ados. Baina loina txikiak (madrillak) ekarri behar ditugu. Eta haien bila ibaira joan ziren. Agian 25 kilo ekarri zituzten. Ni neskatoa. Aitak eta anaiak laguntzen zuten. Baina ama etxean zegoen gainontzeko senideekin. Loina txikiak garbitzera! Afaltzeko jan behar zituztenak garbitzen lagundu zidaten. Gero guztiendako frijitu beharra zegoen. Eta esan zidaten: soberan dauden horiek, biharko garbitu, meza ondoren jateko. A ze lanak! Gau osoa eman nuen loina txikiak garbitzen!" Haiek xigortzeko Berazak olioa oso bero jartzen zuen. 

Igandeez aparte, irintarrak astegunetan ere ateratzen zirela azaldu du Berazak: "Eguerdian lau joan eta esatea: goazen karta partida jotzea! Bestela, jende soltea egun guztian joaten zen. Ostatua garbitzeko 10:00etan edo 10:30ean zabaltzen genuenetik han zegoen jendea". Itxiera orduaz galdetuta, ufada bota du irintarrak, eta beste pasadizo baten berri eman du: "neskatxa nintzela, 06:00etan, hura zen eguzkia! Koadrila bat orduantxe ateratzen zen ostatutik. Eta parean kunkun bat saltoka. Hartu egin zuten. Aurrerago beste bat. Hartu eta berriro barrura. 06:30ean kunkunak mahai gainean jarri eta lasterketa ea zeinek irabazten zuen… Eta esan zuten: jo, Arantxa, gosari pixka bat eginen bazenigu, urdaiazpikoa arrautzekin…" Gaupasa egin zuen koadrila haren kontura. Gogoan ditu "elementu batzuk ziren ezkongabeak, herriari poztasun handia ematen zioten". 

Jaiegunak 

Urtezahar gauean Urteberri kantatzen da oraindik Irañetan. Garai batean "nahikotxo jasotzen zen eta eguberri egunean tortillak egiten ziren. Orduan ez zen txistorrik edo urdairik ematen. Ostatutik elkartera pasa ginenean hasi ziren halakoak ematen. Eta agian 20 txistor tortilla egiten genituen kantu eskean aritzen zirenek berrafaltzeko". Gaur egun asko jasotzen dute, eta hiruzpalau igandetan mokaduak jateko ematen duela azaldu du Berazak.

Gaur egun ospatzen badira ere, Beraza ostatuan zenean ez zegoen ihoterik. Aste Santuan, edozein igandetan bezala, mezaren ondoren ostatura joaten ziren. "Batzuek Aste Santuan erretzeari uzten zioten, eta Pazko Egunean mezatik atera eta purua pizten zuten". 

Irañetako ospakizunen egutegian hurrengoa festak ziren, Sanjoanetan ospatzen zirenak; ondoren agorrilaren 29ra pasa zirenak. Berazak ziurtatu duenez, "festetarako beti orkestra ekartzen zen, ona. Herriari buelta 08:00etan ematen zitzaion. Ez zen inor faltatzen! Guk, lagunok, ez genuen bat galtzen! Eta musikariek galdetzen zuten: zenbat neska daude herri honetan? Denak geunden, hamar baginen, hamarrak han!" Kalejira haiek herriko izkinetan geldialdiak zituzten, haietan jota dantzatzen baitzuten. Kalez kaleko ibilbidea despeditzean, irintarrak etxeetara gosaltzera joaten ziren. "Goazen halako etxera, batzuk. Goazen beste hartara, besteek. Herriko etxe guztietan gosaltzen zen. Eta bakarren batera joaten ez baziren, haserretu egiten ziren". Bazkaldu ondoren, etxez etxeko erronda egiten zuten. Kopak edanez herriari buelta ematen zioten, plazan dantzaldia hasten zen arte. Plazako txokoan ardoa zerbitzatzen zen. Hala pasatzen zituzten festetako hiru egunak. 

Korpus Egunak ere gogoan ditu Berazak: "jendea mezatik atera, ostatura igo eta ardotara, mokaduak jan, bermuta ere edaten zen… Ba, beharbada, jendean etxera kantari joaten zen. Jendea poztasunarekin, giroa zoragarria zen". Bataioek eta ezkontzek ez zuten ostatuarekin loturarik izaten. Ehorzketen ondoren ere jende asko izaten da, "baina ostatuan ez ziren sartzen, txikia zen". 

Garaiko "herri biziaren" falta sumatzen du irintarrak: "beti elkar laguntzen genuen. Lehengoa ez da orain bezalakoa. Lehen herriko aldamenak anai arrebak bezalakoak ziren. Guztiekin ongi konpontzen zinen, eta premia kasuan aldamenarengana jotzen zenuen mesede eske, ez ostatura". Guztiak elkar laguntzearen adibideak ere eman ditu Berazak: "belarra jasotzeko garaia iristen zen eta aldamenak laguntzen zizun, eta alderantziz. Gaixotzen bazinen, laguntzen zizuten. Zuk laguntzen zenuen… Azken batean, herria familia handi bat ginen". 

Aldameneko herrietako festetara ere irintar guztiak elkarrekin ateratzen ziren: "16 urtekoak 40 urtekoekin batera. Beti denak elkarrekin". Berdin Uharte Arakilgo gramolako dantzaldietara edo festetara. "Herri giro hori faltan dut, orain bakoitza berean dago". 

Kluba

"Irañetan 10, 12 eta 9 seme alabetako familia ugari zeuden garai batean. Haur pila zeuden. Eta gizonezko eta emakumezko irakasle bana zeuden" argitu digu Berazak. Udaletxeari itsatsia mutikoen eskola zegoen, egungo elkartea dena. Neskek udaletxean ikasten zuten, herri sarreran eskola berria egin zieten arte. Haur kopurua jaistean, neska mutilak elkarrekin hasi ziren ikasten, eta irakasle bakarra nahikoa zen. Mutikoen eskola zena urte batzuez hutsik egon ondoren, elkarte erabilera eman zioten. 

Taberna itxi zen, eta elkartea egin zuten. "Ostatuko paretan ate bat zabaldu eta eskolako aretora ematen zuen. Zirkulo deitzen zioten garai hartan, eta telebista jarri zuten. Jendea eserita egoteko mahaiak zeuden. Jende gehiago zebilen. Nik ostatua utzi nuen". Elkarte moduan jarri zuten. Hura "desberdina" izan zen, "giroak eta sukaldeak berdin segitzen zuen. Antza, hasiera hartan elkarte bezala ez zuen ongiegi funtzionatu, eta kudeatzeko eman zuten. Hainbaten eskuetatik pasa zen: "batzuk, besteak, irintarrak, hiriberriar bat, alaba… Eta alaba uztear zela, nik hartu nuen elkartea", azaldu du Berazak. Koinatarekin batera egon zen elkartean, "haurrekin eta, ezin nuen bakarrik. Bien artean ongi moldatu ginen". 

Ostatuarekin konparatuta, "beste gauza bat zen. Tokia handia zen, barra jarri zen, lauzak jarri ziren… Beste mugimendu bat zegoen, eta igandeetan zerbitzatzen zen pintxo kantitatea izugarria zen". Berazak azaldu duenez, "han segitzen zuen ostatua izan zeneko sukaldeak, jendeak mahai hartan egotea gogoko zuen". Elkartean giroa ederra izaten segitzen zuela azaldu du irintarrak, "jende gehiago joaten zen hara".

Irintarrez aparte, pasan zegoen jendea ere sartzen zen. Pasadizo baten berri eman digu Berazak: "mendizale batzuk mendi bueltaren ondoren sartu, aldetara harrituta begiratu, eta galdetu zuten: zenbat biztanle ditu herri honek? 165 bat erantzun zieten. Eta mendizaleek erantzun zuten: bada, gutxienez 400 izan behar ditu, hemen 165 baitaude!" Bestalde, elkartean sortzen ziren ke pilak handiak ziren, "hori ke erauzgailua zuela". Gogoan du "kanpotik etorri ziren batzuk ke lainoarekin harrituta gelditu zirela eta esan nien: ‘oestera’ etorri zarete! Hau pelikuletan bezalakoa da". 

Lehen elkarte hura “erabat hondatuta zegoelako” itxi zuten: “urtearen joanak, hura zabaltzeko gutxieneko lanak egin ziren… Lanak egin eta, atzera elkarte izatera pasa zen”. Gaur egungo Txapel Azpi elkartea.