Igandea herri kirol munduko aspaldiko lagun eta ezagunak topatzeko eguna izango da. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatuta, Irañetak Sakanako Herri Kirol Eguna hartuko du 11:30etik aurrera. Pandemiagatik joan zen urtean ezinezkoa izan zen herri kirolarien festa antolatzea, baina aurten bueltan dira gure herri kirolariak, gogotsu.
Azken egunotan eguna behar bezala antolatzen ibili da Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitia. Horretarako Irañetako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren babesa, eta batez ere Sakanako herri kirolarien laguntza ordainezina izan du. Zein aizkolarik hartuko duten parte, Sakanako Aizkora Eskolako zein kide aterako diren Irañetako plazara, Sakanako Harri Jasotze Eskolakoak prest ote dauden, trontza erakustaldirik egongo ote den… azken unera arte ibiliko dira igandeko egitaraua ontzen. Eta azken orduko aldaketak egon daitezke. “Jesus Mari Arzak aipatu dit hasiera batean zein lau aizkolarik egingo duten erakustaldia. Juanito Erdoziarekin ere hitz egin dut, Sakanako Aizkora Eskolako zein kide ariko diren galdetzeko, eta horretaz gain atzera ere Erdoziatarren hiru belaunaldik erakustaldia egingo dutela esan dit. Sakanako Harri Jasotze Eskolatik Mikel Lasarte monitorearekin ere zehaztu beharrekoak zehaztu ditugu, eta, bukatzeko, trontza erakustaldia egingo du Andra Mari ikastolako laukote batek” aipatu du teknikariak. Joan den urtean, pandemia dela eta, ez zen Nafarroako Herri Kirol Jokoen Txapelketarik jokatu, eta horregatik Iñigo Aritza eta Andra Mariko herri kirol proba konbinatuetako taldeak ez daude behar bezala egituratuta.
Sakanako eskolak
Sakanako Harri Jasotze Eskola azaroan hasiko da, Irurtzunen. Mikel Lasarte Artola monitorearen esanetara, 4 kide trebatuko dira asteartero, ekainera arte. Oraindik ere izena eman daiteke, Mank-eko Kirol Zerbitzuan. Bestalde, Sakanako Aizkora Eskola aurten ekainean egin zen, ez ohiko datan, baina datorren urtean bere ohiko data eta ordutegia izanen du: otsaila edo martxo hasieratik ekainera. “Harrera ona izaten du Sakanako Aizkora Eskolak, beti betetzen dira dauden tokiak. Gehienez 15 ikasle hartzen dira, 20 urtetik beherakoak, bestela gehiegizkoa litzateke monitoreendako, Juanito eta Miguel Angel Erdoziarendako, 15 ikaslerekin ere nahikoa lan egiten baitute. Urtero betetzen dira tokiak” nabarmendu Amaia Gerrikagoitiak.
Igandean eskoletan egiten diren lanaren fruituak ikusteko aukera izango da Irañetan.
Sakanako Herri Kirol Eguna:
Igandea, 11:30ean, Irañetan
- Aizkolariak
Arkaitz Jauregi, Juanjo Erdozia, Iban Resano eta Goizeder Beltza. Horretaz gain, Erdoziatarrak, hiru belaunaldiak. - Sakanako Aizkora Eskolako kideak
Jon eta Ekai Erdozia Gonzalez de Pedroso, Aritz, Eñaut eta Urko Oiarbide Erdozia, Joan Goikoetxea Agirre, Amets Aristizabal Vicente eta Iraide Bergara Mundiñano. - Sakanako Harri Jasotze Eskolako kideak
Mikel Lasarte Artola eta Alvaro Zugarrondo. - Trontza erakustaldia
Amaia Razkin, Amets Allam, Maia Jimenez eta Maddi Beltza (Andra Mari ikastola).