Astekaria

Herri kirolarien itzulera plazara

Maider Betelu Ganboa 2021ko aza. 1a, 12:30

Pandemiaren ondoko lehendabiziko Sakanako Herri Kirol Eguna berezia izan zen. Giro ederra egon zen Irañetan eta erakustaldian aritu ziren herri kirolariak gogotsu aritu ziren, honen ondotik plaza gehiago iritsiko diren esperoan

Oso polita izan zen igandean Irañetan ospatutako Sakanako Herri Kirol Eguna. Polita, inoiz baino gehiago ospakizun kutsua izan zuelako, kirolarien plazarako buelta, hain zuzen ere. Izan ere, kirolari asko pandemia aurretik ez baitziren erakustaldietan eta plazetan ibili. Eta hori da aizkolarien, harri jasotzaileen, trontzalarien eta herri kirolari guztien habitata: plaza. Horregatik, plazara bueltatzearekin bakarrik oso pozik zeuden herri kirolariak. Eta poztasun hori izan zen eguneko protagonista. 

Herri kirolarien itzulera
Sakanako Herri Kirol Eguneko erakustaldiak hasi baino lehen, egurrak prestatzen zebiltzan Sakanako Aizkora Eskolako Juanito eta Miguel Angel Erdozia Mauleon, eta baita herri kirol eta aizkora ekitaldi eta txapelketa guztietan prestaketa lanetan ibiltzen den Jesus Mari Arza Bergerandi ere. Egurrak begiratu, kokatu, aizkolariekin hitz egin, aspaldiko ezagunekin egon… ez zuten lan makala. Eta, haiei so, Sakanako Aizkora Eskolako neska-mutilak: Jon eta Ekai Erdozia Gonzalez de Pedroso, Aritz, Eñaut eta Urko Oiarbide Erdozia, Joan Goikoetxea Agirre, Amets Aristizabal Vicente, Unai Jaka Erdozia eta Iraide Vergara Mundiñano. Haiendako berotzeko eta entrenatzeko propio prestatutako enborretan jo eta ke zenbiltzan lanean. Plaza erdialdean, aldiz, Sakanako Harri Jasotze eskolako Mikel Lasarte Artola monitorea eta bere ikasleetako bat, Alvaro Zugarrondo Orta, erakustaldian erabili beharreko harriak behar bezala prestatzen zebiltzan. Eta, albo batean, Andra Mari ikastolako herri kirol monitore edo arduradunak, Jexus Senar Aristorena eta haren seme Mikel Senar Bergera. Trontzan aritzeko bi bikote prestatu zituzten: Amaia Razkin Alvez eta Amets Allam Katarain eta Maia Jimenez Elizalde eta Maddi Beltza Beristain, eta trontzak errepasatzen ibili ziren. Guztien artean Arkaitz Jauregi Gorrotxategi, Juanjo Erdozia Ulaiar, Iban Resano Igoa eta Goizeder Beltza Igoa aizkolariak beroketa ariketak egiten zeuden, eta baita Juanito Erdozia ere. 78 urterekin, Sakanako Aizkora Eskolako monitorea erakustaldia egiteko prest eta gogotsu baitzegoen, sasoi betean. 

Aipatutako guztiek parte hartu zuten Sakanako Mankomunitateak antolatutako Sakanako Herri Kirol Egunean. Lehenik eta behin talde argazkia atera zuten, eta gero hasi ziren erakustaldiak, bata bestearen atzetik. Alvaro Zugarrondo hasi zen, 113 kilokoari hamar altxaldi egiten. Ondoren Sakanako Aizkora Eskolako bi bikok erakustaldia egin zuten: Aritz eta Eñaut Oiarbide anaiak, batetik, eta Amets Aristizabal eta Joan Goikoetxea, bestetik. Haien atzetik trontza erakustaldia egin zuten Amaia Razkinek eta Amets Allamek, batetik, eta Maia Jimenezek eta Maddi Beltzak, bestetik. 

Hiru belaunaldiak
Segidan Erdoziatarren txanda izan zen. Juanito Erdozia Mauleon, bere seme Juanjo Erdozia Ulaiar eta aurrekoaren seme Jon Erdozia Gonzalez de Pedroso aritu ziren elkarlanean, enborra botatzeko. “Hurrena kanakoa” izango da, zioen, irribarrez, Juanito Erdoziak. Segidan Arkaitz Jauregik eta Juanjo Erdoziak, batetik, eta Iban Resanok eta Goizeder Beltzak, bestetik, enborra erdibitu zuten, zutik zegoela. Haiei Sakanako Aizkora Eskolako gainontzeko gaztetxoek hartu zieten lekua, Unai Jaka, Iraide Vergara, Urko Oiarbide eta Ekai Erdozia aizkolariek. Harri jasotzaileak eta trontzalariak berriro aritu ziren, aizkolari nagusiek ere lehia ederra izan zuten –Juanjo Erdozia eta Arkaitz Jauregi gailendu zitzaizkien Iban Resanori eta Goizeder Beltzari–, eta jardunaldia despeditzeko Sakanako Harri Jasotze eskolako monitoreak, Mikel Lasartek, motozerra erakustaldia egin zuen: motozerrarekin kattagorri polita egin zuen. 

Irañetako plazako ekitaldian giro ederra egon zen eta kontentu zeuden herri kirolariak. Baita Amaia Gerrikagoitia Mank-eko kirol teknikaria ere. “Pandemiaren ondotik egiten dugun lehen herri kirol erakustaldia da eta alde horretatik oso berezia izan da. Oso gogotsu daude guztiak, Sakanako eskoletan aizkoran eta harri jasotzean trebatzen ari diren neska-mutilak bereziki, eta baita irakasleak ere, beteranoak. Egun oso polita izan da” nabarmendu zuen teknikariak. Festa eguna borobiltzeko, Irañetako elkartean bazkaltzera bildu ziren guztiak, Irañetakoaren atzetik, beste plaza gehiago iritsiko direnaren zain.