Paperean eta formatu digitalean, irintarrek makina bat herriko argazki aurkeztu dituzte eta haiek guztiak udaletxean izan ziren ikusgai igandean. Gaur egungo Irañetako argazkiak ziren ikusgai zeudenak. Gainera, irintarrek gogoko argazkien alde egiteko aukera izan zuten. Babes gehien duten dozena bat argazkirekin Irañetako Udalak herriko egutegia eginen du. Haren deialdiari erantzunez osatu ahal izan zuen igandeko argazki erakusketa. Adin guztietako irintarrak pasa ziren handik, eta argazkiak ikusita herriko toki eta ohiturei buruzko kontuez hizketatzeko aukera izan zen.
Estreinako aldia izanen da Irañetako Udalak herriko egutegia egiten duena. Behin argazkiak aukeratuta, egutegia egin eta eguberritan herrian opari gisa banatuko du. Bide batez, udala herriko argazki bilduma sortzen hasi da.