Abeltzaintza esplotazioak handitzeko beste aukera bat

Guaixe 2022ko urt. 26a, 11:36
Irañeta herrigunearen ekialdean dago baimena eskatu duen abeltegia. ARTXIBOA

Irañetako Udalak hirigintza araudian aldaketa onartu du. Dauden abeltegiak %20 hazteko aukera sartu da araudian.

Joan den mendeko 90eko hamarkadan onartu zen Irañetako hirigintza araudia. Ordutik, animalia ongizatea, ingurumen eta abeltzaintzarako araudiak eguneratu egin dira, eta Europak abeltegiendako araudia zehaztu du. Eta, ondorioz, egun dauden abeltegiak legedi berrira egokitu behar dutela jarduera egonkortu eta lehiakorrak izateko. Legera egokitu behar horrek askotan pabilioiak handitzea eskatzen die abeltzainei, animaliak maneiatzeko eta animaliak egoteko gutxieneko azalerak zehaztuta baitaude legez. 

Irañetako Udalaren hirigintza araudiko 61. artikuluko h-4 apartatuak bi kasutan uzten zuen abeltegiak handitzea. Batetik, granja 1.100 m2 baino txikiagoa bada, gehienez ere 1.500 m2-ra arte handitzea. Eta, bestetik, abeltegiak gehienez ere 400 m2 handitzea. Azken puntu horretan beste aukera bat gaineratu du udalak: eraikita dagoenaren %20 handitzea. Eta araudian gaineratu du abeltegiak indarrean dauden abeltzaintza arautzen duten animalia eta ingurumen araudien menpe egonen direla. Hirigintza aldaketarako eskaera Caparroson egoitza eta Irañetan txerri haztegia duen Granja Dos Hermanas SA enpresak egin zuen.