Argiteria berrituta, beste lan batzuk egin nahi ditu udalak

Guaixe 2022ko ots. 16a, 08:54
Hiru neskato Irañetako San Gregorio kalean gora. ARTXIBOA

Abenduko uholdeek eragindako kalteak konpondu, herri sarrerako kaleko zorua eta udaletxeko teilatua berritu nahi ditu udalak.

Joan den urtean argiteria publiko guztiko bonbillak kendu eta haiek LED argiengatik ordezkatzea lortu zuen Irañetako Udalak. Ainhoa Beraza Maiza alkateak gogorarazi du herri gehienean aldaketa 2020an egin zutela. Horretarako, Nafarroako Gobernuak udalei despopulazioari aurre egiteko eta pandemiak eragindako gastuei aurre egiteko emandako dirulaguntzak baliatu zituen, 19.518 euro guztira. “Kaletxo bat falta zen dena LEDekin jartzeko, eta joan den urtean jarri genuen”. Eta aldaketa eginda zutenean, jaso zuten horretarako 2017an eskatutako dirulaguntza. Erreserban gelditu zen Irañeta, eta beste udal batzuek lanak egin ez zituztenez, irintarrei eman zien dirulaguntza foru administrazioak. Baina ordurako lanak eginak zeuden eta diru hura ez zen Irañetara iritsi. 

Bestalde, abenduko uholdeen ondorioz, udalak bi arreta puntu dituela azaldu du Berazak: “zubian pareta bat pixka bat mugitu du urak. Eta, bestetik, Madalen haitzen iparraldean dagoen bidean zuloak egin ditu urak. Konponketa lanak egiteko aurrekontua eskatu dugu eta dirulaguntza eskatuko dugu”. 

Azkenik, Irañetako Udalak bi lan egin nahiko lituzkeela azaldu du Berazak. Batetik, herri sarrerako kaleko, San Gregorio kaleko zorua konpondu nahi luke udalak. Alkateak esan duenez, “bidegurutzetik gertu asfaltoa hondatzen ari da. Lehen Errepide Mantentze Zerbitzua arduratzen zen, baina orain…” Bestetik, udaletxeko teilatuak berritzeko premia larria du. Herriaren etxea eraberritu eta 2011ko apirilaren 18tik ematen dio zerbitzua herriari. “Guztia berritu zenean teilatua ez zen berritu eta orain itajurak daude. Pena da dena berritua egotea eta itajurengatik hondatzea” esan du alkateak.