Dermioko larreak bukatu eta bargapeko hariztian sartuta, berehala, hariztiko bidean barna 325 bat metro egindakoan, eskuinera agertzen da Basakoetxea. Behor batzuen fale hotsak entzuten dira basoan barna. Hegaztiren batzuek kantua, haizeak mugitutako hostoak eta gutxi gehiago entzuten da. "Asko gustatzen zait tokia. Ingurunea sekulakoa da! Oso ederra. Ez nau aspertzen", azaldu du bordaren kanpoko aldean eserita Bea Mezkiriz Iribarrenek. Lasaitasun bila joaten da hara irintarra.
Txakurrekin joaten da Basakoetxeara. Bi animalia ditu: Tango (golden retriever, heldua) eta Lau (arratoi-txakurra, gaztea). "Haiek paseatzera etortzen naiz. Lau bakarrik ibiltzen da, bere albiziora. Piztiaren baten arrasto bat hartzen duenean galdu egiten da. Bitartean Tango eta biok zain egoten gara". Jakinarazi duenez, txikia gehiago ibil daiteke, handiak gaitza du eta ezin da hainbeste ibili. Azaldu duenez, "txakur txikiarekin, batzuetan, Beriainera igotzen gara bikotekidea eta biok. Ez dut ukatuko, igotzean sufritzen dut, baina, behin goian, hura ikusgarria da". Izan ere, Basakoetxea atzean utzita, bidean gora egin eta mendi gainera irits daiteke oinezkoa.
Mendira igo nahi ez dutenek eta haritzen itzalpean ibili nahi dutenek, horretarako aitzakia ederra dute: 2009tik Nafarroako Gobernuaren natura monumentu izendapena duten bost haritzak bisitatzea. Mezkirizek azaldu duenez, "hemen gutxitan topo egiten dut jendearekin. Asteburuetan, beharbada, gehiago, mendizaleren bat. Gorago ere, oso polita da".
Bide borobila
Autobiako zubitik ezkerrera egin eta bi bide ateratzen dira bargarantz: Buztiñetako bidea eta Zabalbidea. Azken horrek zuzenean bordara eramaten du. Aurrenak ere, baina egoera okerragoan dago. Bide zirkularra osatzen dutenez, batzuetan Buztiñetatik igo eta Zabalbidetik jaisten da Mezkiriz. Azken bide horren izenak inguru hartan zegoen Zabal despopulatuari egiten dio erreferentzia. Bidearen goiko partean dagoen abeltegiaren parean, larre batzuen mugan, naturak jandako San Pedro Martir ermitaren aurriak daude.
Irintarrak aitortu duenez, Urruntzureko iturburua ere asko gustatzen zaio Mezkirizi, "baina txakurrek kasu handirik egiten ez didatenez, eta hemendik jende gutxiago etortzen denez, nahiago dut hona etortzea. Hark merkatalgune bat dirudi, jende asko baitabil, eta ubeldea atera bada, gehiago: batekin eta bestearekin hizketatzera gelditzen zara eta, azkenean, paseatu beharrean beste edozer egiten duzu". Argitu duenez, "irintarrekin gustura nago, baina ibiltzera ateratzen denean hori egin nahi dut". Horregatik doa bargarantz, "egitekoak laster egiteko".
Bordak zein erabilera duen galdetuta, irintarrak azaldu duenez, "garilean meza bat egiten dute bertan. Aitaginarreba hilabete horretan hil zenez, haren aldeko elizkizuna egiten zen. Bordan egiten den mezaren ondoren otamena izaten da". Jakinarazi duenez, borda alokatzeko aukera ematen du udalak. Urtebetetzeren bat, ezkontza bateko ospakizuna… Irañetako Udalak betidanik nahi izan du borda erdigune duen aisialdi eskaintza ematea, batez ere ikastetxeei eta halakoei zuzenduta.