Irañetako Udalak bi lan emateko deialdia egin du. Alde batetik, Tufetako bidea egokitzeko eta konpontzeko 49.845,85 euro aurreikusi ditu. Lau kilometro pasako luzeran konponduko dute bidea. Horretarako, ezpondak garbitu, bideko zorua konpondu, drainatzeak jarri, inguruko sasiak garbitu eta bestelako lanak egin beharko dituzte.
Bestetik, Arakil ibai gaineko zubiaren lau estribuak konpondu beharko dira. Horiek zubiaren lau aldetan daude eta beraien egitekoa da arkuen bultzadei eustea. Uholdeak harriak mugitu eta tokiz kanpo utzi zituen. Horiek konpontzeaz aparte, inguruko sasiak ere kenduko dituzte. Lanak egiteko, ibaiko ura desbideratzeko, lau ur hesi jaso beharko dira. Ondoren aldamioak jarri eta kisusgileak lanean hasiko dira. Lanak hartzen dituzten enpresek haiek despeditzeko bi hilabete izanen dituzte. Interesa dutenek eskaintzak asteleheneko 13:00etarako aurkeztu beharko dituzte.