Granjak mindak tratatzeko instalazio pilotu bat jarriko du

Guaixe 2022ko abe. 5a, 11:17
Herriaren ekialdean dago granja. ARTXIBOA

Horretarako Nafarroako Gobernuaren baimena jaso du.

Granja Dos Hermanas SAk Irañetan umetarako zerramen ustiategi bat du, han titia kendu bitarteko txerrikumeak hazten dituzte. Jarduerak ongarria sortzen du, ongarritegian ur beltza sortzen da, minda. Granjako arduradunek mindak nitrifikazio-desnitrifikazio prozesuaren bidez tratatzeko eskala errealeko instalazio pilotu baten proiektua egin nahi dute. Dagoeneko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emandako baimena du enpresak, baina lanak egiteko foru administrazioak zehaztutako baldintzak bete beharko ditu. 

Espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Ebazpena azaroaren 25eko Nafarroako Aldizkari ofizialean argitaratu zen. Ebazpenaren eranskinak, berriz, interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html