12 urterekin hasi zen motor txapelketetan parte hartzen, moto-krosean, juniorrekin batera, Markos Beraza Vitoria irintarra, "bestela ez baitzegoen lasterketetan aritzeko aukerarik". Gaur egun 26 urte ditu eta azaroaren 20an Espainiako Enduro Txapelketa irabazi zuen bere kategorian, Senior B mailan, Santiago de Compostelan.
Haurra zinela hasi zinen motorrean.
Anaiak ibiltzen ziren, nik ere gustuko nuen eta horregatik hasi nintzen, zaletasunagatik. 12 urte nituela parte hartu nuen lehen aldiz lasterketa batean. Orduan ez ginen haur asko ibiltzen, eta junior kategoria zen gazteena. Eta junior mailan lehiatu nintzen lehen aldiz, askoz ere helduagoak ziren gazteekin. Ez nintzen larritzen, ze erremedio! Juniorrekin parte hartzea, edo ezer ez, hori zen zegoen aukera bakarra. Gogoan dut nire lehendabiziko bi lasterketetan anaiak izan nituela atzean, zaintzeko. Baina hortik aurrera jada bakarrik lehiatzen hasi nintzen.
Enduroan, moto-krosean eta cross countryan aritzen zara. Zein dira hiruren arteko ezberdintasunak?
Moto-krosa zirkuitu itxi batean jokatzen den lasterketa da. Salto handiak eta denetariko trabak ditu. Edozein motorrekin aritu daiteke, baina hobe moto-kros motorrarekin bada. Cross countrya bi orduko erresistentzia lasterketa da, zirkuitu itxi batean. Enduro edo moto-kros motorrarekin parte har daiteke. Eta enduroa da aurreko bien nahasketa antzeko bat. Basoan 50-60 kilometroko zirkuitu bat prestatzen da, eta zirkuitu horren hiru toki ezberdinetan kronometratutako guneak daude, hiru gune. Bospasei ordu irauten du enduro lasterketak. Kronometratutako gune bakoitza 10 minutu ingurukoa da. Gune horietan topera aritu beharra dago, eta puntu batetik bestera joateko loturetan, ordea, azkar bai, baina ez duzu topera joan beharrik.
Hiruretan enduroa duzu gustukoena.
Bai. Moto-kros eta cross contry lasterketetan ere aritzen naiz, baina enduroa entrenatzeko.
Zenbat motor izan dituzu?
(Kar, kar…) Ez dakit esaten. Ez ditut kontatu, baina 2008 urtetik hona motor bat erabiltzen dut denboraldiko, gutxi gorabehera.
"Hamabi urterekin hasi nintzen lehiatzen, juniorren probetan, haurrenak ez zeudelako"
Zergatik aldatzen duzu motorra urtero? Lehertzen duzulako?
Alde batetik, motor berri bat beti da berria. Motorra aldatzea ez da kapritxo kontua. Denboraldian motorrei kaña handia ematen diegu. Gainera, lehiaketan aurrean gaudenei motor etxeak prezio merkeagoa egiten digu. Hortaz, motorra saldu eta lortutako diruari zerbait gehituta motor berria erosten dugu.
Goiko postuetan lehiakor izaten jarraitzeko pilotuek motorra berritu behar izaten duzue?
Bai, lehiakorrak izateko motor ona izatea ezinbestekoa da.
Zein da zure motorra?
Ni KTM motorren zalea naiz. Izugarri gustuko ditut, eta, gainera, fidagarritasun handiena duten motorrak dira. Motorren Mercedesak dira KTM-ak. Nirea lau eta erdiko KTM motorra da. 2023 urte hasierara arte erabiliko dut, eta denboraldia hasten denean, otsaila bukaeran, berria hartuko dut.
Husqvarna etxeak deituko bazintu kontratatzen zaituela esateko, motorra aldatuko zenuke?
Pentsatu gabe Husqvarnarekin joango nintzateke (kar, kar...). KTM motorra nik ordaintzen dut, eta beste etxean oparituko balidate...
Abiadura motoziklismoan motorra ongi doitzea eta ajustatzea lan luzea da. Enduroan baita ere?
Pilotuaren araberakoa izaten da. Niri asko kostatzen zait motorra nire gustura jartzea, txikikeria guztiak neure gustura jarri behar ditut.
Mekanikariren baten edo talderen baten laguntza duzu parte hartzen dituzuen txapelketei aurre egiteko?
Bai. Mekanikaz justua dakit. Santanderko denda batek laguntzen nau, Zona Paddock izenekoak. Lasterketa batera joaten naizenean dendako norbait etortzen da asistentzia egitera. Horretaz gain, Ruben eta David anaiak etortzen dira laguntzera, eta baita lagunak eta ingurukoak ere.
"Santiagon lagunak agertu zirenekoa izan zen hoberena, nire aldeko kamiseta eta guzti"
Anaiek motorraren munduan jarraitzen dute?
Orain ez dira lasterketetan ibiltzen, baina lehen bai. Orain ni ikustera, animatzera eta laguntzera etortzen dira.
Lasterketetan hasi bezain pronto hasi zinen nabarmentzen eta probak irabazten. Ba al dakizu zenbat lasterketa irabazi dituzun?
Ez ditut zenbatuta, baina asko dira. Trofeo asko ditut enduroan, moto-krosean eta cross countryan. Hiru modalitateetan Nafarroa, Euskadi eta Zona Norteko ia txapelketa guztiak irabazi izan ditut. Nafarroako, Euskadiko eta Zona Norteko txapelduna izan naiz, baina ez dakit zenbat aldiz. Azkenaldi honetan sarritan Espainiako Txapelketetako probekin batera izaten dira, eta horregatik urte bukaeran ez naiz txapelduna, Espainiako probetan nagoelako.
Noiz hasi zinen Espainiako Enduro Txapelketan parte hartzen?
16 urte nituela, junior mailan. Junior mailan bi aldiz Espainiako Enduro txapeldunordea izan naiz. Egun senior mailan parte hartzen dut, Senior B mailan. Espainiako Enduro Txapelketan bi maila daude: A maila, elitea, futboleko lehen maila litzatekeena, eta B maila, bigarren maila balitza bezala. A mailan eliteek parte hartzen dute, babesle handiak dituzten pilotuek, nolabait horretatik "bizi" direnak eta egunero horretan ari direnak. B mailan gaudenak beste ogibide batzuk ditugu, eta gure aisialdian aritzen gara motorrarekin. A eta B mailakoak elkarrekin aritzen gara lasterketatan, baina beraiek agian zirkuituari lau itzuli egiten dizkiote eta guk bat gutxiago.
Espainiako Senior B mailako Enduro Txapelketa irabazi duzu, meritu handiz. Zorionak!
Eskerrik asko! Espainiako Senior B mailan nire kategoria lau denborako motorra da, baina nire kategorian irabazteaz gain, sailkapen orokorra edo absolutua irabazi dut. Oso pozik nago. Azkenaldi honetan beti txapeldunordea izaten nintzen, beti bigarren, eta aurten Espainiako txapelketa irabaztea lortu dut. Ez da ere aparteko lorpena, gurea B maila delako, bigarren maila, baina bada zerbait.
Zenbat proba zituen Espainiako Enduro Txapelketak?
Aurten zazpi lasterketa zituen. Asturiasen, Murtzian, Alacanten, Bartzelonan... azken proba azaroaren 19an eta 20an izan zen, Santiago de Compostelan. Txapelketako lehendabiziko bi lasterketak nik irabazi nituen, hurrengo biak bigarren sailkatu denak, Almeriako Jesus Duartek... lehia ederra izan dugu biek. Duartek ere KTM motorra du, bi eta erdikoa. Beraz, KTM-en arteko borroka izan da. Azkenean txapelketa irabaztea lortu dut eta oso kontentu nago.
"Irañetako zirkuituan entrenatzen dut. Baita Altsasukoan ere, bazkidea naiz"
Gainera, sakandarrak eta bestelako lagunak gerturatu zitzaizkizun Santiagora, egunerako propio prestatutako kamiseta jantzita, zu animatzera.
Bai, ikusi nituenean... horrek bai ilusionatu ninduela. Guztiz. Hori izan zen eguneko hoberena. Irañeta, Altsasu, Iruñea eta inguruko jendea etortzen da normalean ni animatzera, eta izugarri eskertzen diet.
Kisuskilea zara. Nondik ateratzen duzu entrenatzeko tartea?
Bereziki asteburuetan entrenatzen dut, eta udan lanetik etortzen naizenean, gauez. Irañetan dugun zirkuituan entrenatzen dut batez ere. Udalak zirkuitua prestatzeko baimena eman zigun, eta han aritzen gara. Urtero lasterketa egiten dugu Irañetan, eta harrera ona izaten du. Bestalde, Altsasuko zirkuituko bazkidea naiz ere eta tarteka bertan aritzen naiz.
Txapeldun izanda, 2023an berriro lehiatzen jarraituko duzula pentsatzekoa da.
Berriro ere Espainiako Enduro Txapelketan lehiatzeko asmoa dut. Txapelketa otsailaren bukaeran hasiko da, eta, ez badago inolako arazorik, bertan ariko naiz, gogotsu.
Espainiako Enduroko A mailara salto egitea nahiko zenuke?
Posible nuke, baina baina ez dit merezi. Maila horretan aritzeko diru asko inbertitu beharko nuke, baina ez badaukat pilotu horiek entrenatzeko duten denbora bera, zertarako? Beraiek horretara daude bakarrik, eta ni ez. Ez nintzateke baldintza berberetan egongo. Hortaz, ez du merezi. Duela hiru urte, pandemia baino lehen, A mailan nengoen. Baina puntu bat iritsi zen ez nuena behar bezala entrenatzen ez fundamentuz lan egiten. Beraz, ni B mailan ongi nago. Nire zaletasunarekin jarraitzen dut, antzeko maila dugun bizpahiru pilotu gaude, eta gustura ibiltzen gara. Horrekin kontentu.
Zer esaten dizute etxekoek eta gertukoek?
"Zuk ikusiko duzu", diote, baina gero beti babesten eta laguntzen naute. Anaiak ni ikustera joaten dira. Ilobak ere, oso motorzaleak direlako. 8 urteko iloba bat, neska, eta beste iloba bat, mutikoa, biak motorrarekin ibiltzen dira. Beraiendako haurren talde bat egin dugu, eta zortzi haur daude.
Nola du izena taldeak?
Team Beraza. Bi ilobak, beste bi iruindar, Alloko beste bat, Elorrioko beste bat... gustura ibiltzen gara haurrekin. Mundu honetan sartzen hasi dira, eta gustura dabiltza.