Udan 18 urte bete zituen Iosune Urra Beraza karatekak eta urtebetetzea giltzarria izan zen bere kirol ibilbidean, juniorretik 21 urtez azpiko mailara igo zelako. Urrian Turkian jokatutako Munduko Karate Txapelketan brontzezko domina lortu zuen urte bat lehenago Europako Txapelketara joateko hautatu ez zuten karateka irintarrak. Justizia poetikoa omen.
Zergatik karatea?
Sei urte nituela hasi nintzen, nire ahizpa Berriozarko Karate Klubean karatera zihoalako. Karatea arte martzial bat da, eta bi modalitate ditu, kata eta borroka edo kumitea. Nik gehienbat borroka lantzen dut, baina gerrikoak lortzeko kata ezagutzak izan behar dituzu –erakustaldi modukoa, etsaien aurkako eraso eta defentsa mugimenduak egitea–. Karatean hankak, besoak eta ukondoak erabiltzen dira, baina helburua ez da arerioaren K.O.a lortzea. Denbora pasa ahala ohartu naiz karateak asko ematen didala: autokontrola eta neure buruarekiko konfiantza.
Txikitatik nabarmendu zinen?
9 urte nituela hasi nintzen txapelketetan. 2014an, 11 urterekin, Espainiako txapeldunordea izan nintzen, eta 2017an Grand Winner, hau da, liga nazionaleko txapelketa guztietan lortutako puntuak kontuan hartuta, nire mailako onena ranking nazionalean. Baina 2021 izan zen aurrerapausoa eman nuen urtea. Espainiako txapelduna eta liga nazionaletako txapelduna izan nintzen junior mailan. Pandemia baino lehen oso estu hartzen nuen txapelketa, baina ondoren karatea hobby gisa hartu nuen, eta uneoro dena ematearen presio hori gainetik kentzeak ongi egin zidan.
Nafarroako txapelduna, sarritan.
2014. urtetik Nafarroako txapelduna naiz borrokan, baina estatu mailako txapelketak zailagoak dira, Nafarroan karateka gutxi gaudelako eta maila ez delako horren altua. Nafarroako txapelketa bat bizpahiru konbaterekin egin dezakezu, baina Espainian bospasei konbate dira eta maila askoz ere altuagoa da. Nazioartean Espainiak maila handia du.
Selekzioak azken urtean egindako lana sarituko zuen 2022ko Karate Mundialetarako zu hautatzeko.
2021eko azaroan junior mailako Espainiako karate txapelduna izan nintzen. Maila nazionalean irabazi ahal zen guztia irabazi nuen, baina aurtengo ekainean Pragan jokatutako Europako Karate Txapelketarako Espainiako hautatzailearen alaba aukeratu zuten. Erabaki hori asimilatzea izugarri kostatu zitzaidan. Irabazi ahal zen guztia irabazita, Europako Txapelketara ezingo nintzela joan konturatzea oso gogorra izan zen.
"Iaz guztia irabazi nuen, baina Europako Txapelketara hautatzailearen alaba joan zen. Jota geratu nintzen"
Hori bidegabea da, guztiz.
Orain hasi naiz honetaz hitz egiten, askatzen, baina momentuan jota geratu nintzen. Jendea txundituta zegoen, baina nola da posible? Ez etsitzeko esaten zidaten, azkenean nazioarteko txapelketak iritsiko zirela, nire emaitzak oso onak zirelako. Babes handia nuen, baina konturatu nintzen ez zegoela nire esku, ezin zela ezer egin. Gogoan dut astebetera liga nazionaleko finala jokatu zela. Lehena nintzen, alde handiarekin, baina psikologikoki gaizki nengoen eta lehendabiziko konbatea galdu egin nuen. 2022an errekuperatzen hasi nintzen, kostata.
Aurten 18 urte betetzea eta junior maila atzean uztea nolabaiteko liberazioa izan da zuretako.
Udan 18 urte bete nituen eta 21 urtez azpiko mailara igo nintzen. Eta urrian Konyan (Turkia) jokatu ziren Munduko Karate Txapelketan aritzeko hautatu ninduen Espainiako selekzioak.
Hautatua izatea espero al zenuen?
Jende guztiak zioen nire emaitzak ikusita –aurten 61 kg azpiko kategorian 21 urtez azpiko liga nazionaleko txapelduna izan da eta senior mailako liga nazionaleko txapelduna– argi zegoela hautatuetako bat izango nintzela, baina iaz gertatutakoa ikusita, zerrenda ikusi arte ez nuen sinetsi nahi izan. Gainera, nire lehendabiziko urtea zen 21 urtez azpiko mailan, inoiz ez nintzen nazioarteko txapelketetan aritu eta ez nuen oso argi. Espainiako selekziotik hainbat kontzentrazioetarako deitu ninduten; irailean Mallorcakoan egon nintzen, ondoren Palma del Rion (Cordoba)... Eta azkenean Mundialeko zerrendan nire izena agertu zen. Mundialera abiatu baino aste bat lehenago Madrilen egon ginen kontzentratuta eta handik zuzenean jo genuen Turkiara.
Munduko Karate Txapelketan lehiatzea sekulako esperientzia izango zen, ezta?
Sekulakoa. 21 urtez azpiko 61 kg baino gutxiagoko mailan 30-40 karateka inguru lehiatuko ginen. Ni lasai nengoen, ez bainuen espektatiba handirik, nazioarte mailan nire lehen aldia baitzen. Helburua lehen konbatea gainditzea zen, eta ahalik eta lan onena egitea, etorkizuneko txapelketei begira. Eta, jakina, ongi pasatzea. Presiorik gabe lehiatu nintzen, lasaiago, eta hobeto aritu nintzen.
Gainontzeko karateken maila handia izango zen.
Ni estatuko karatekekin lehiatzera ohituta nago. Badakit nor den abilagoa hankekin, edo ukabilarekin... baina hemen ez nuen inor ezagutzen. Eurek ni ezta. Eta horrek mesede egin zidan: eurak hobeak ziren, baina ez ninduten ezagutzen. Konturatu gabe konbateak bata bestearen atzetik etorri ziren: lehenengo Ingalaterra, gero Austria, Hong Kong, Jordania, Alemania... eta azkenean Danimarkako ordezkariarekin, egun Europako txapelduna den Trine Fuyu Lindekin borrokatu nintzen brontzea lortzeko. Nik irabazi nuen, 6 eta 0. Urrea Gulbahar Gozutok turkiarrak irabazi zuen eta zilarra Reem Khamis alemaniarrak.
Zer sentitu zenuen?
Ezin nuen sinetsi. Konbatea bukatuta, negar egin nuen; ez nekien zer egiten nuen ere. Baina nola iritsi naiz ni hona? galdetzen nion neure buruari. Brontzea lortzea... Ez nintzen lortutakoaz kontziente, eta uste dut gaur egun ere ez dudala guztiz barneratu. Espainiako selekziorako ere sorpresa galanta izan zen. Nigan konfiantza handirik ez zutela sentitzen nuen, eta mundialetan brontzea lortzearekin aho asko itxi nituen. Mundialetan lan ona egiteko gai nintzela sentitu nuen nire barrenean, eta bereziki horregatik oso hunkigarria izan zen domina lortu izana.
Zeintzuk dira munduko hirugarren karatekaren hurrengo helburuak?
Betiko klubean jarraitzen dut. Asteburu honetan Liga Nazionaleko finalak jokatuko dira A Coruñan. Maila bakoitzean rankingeko lehen zortziak parte hartzen dugu, eta ligako lan guztiak kontuan hartuta puntu gehien lortzen dituena izango da Grand Winner. Bi mailatan borrokatuko naiz: 21 urtez azpikoan –lehena da–, eta senior mailan –laugarren da–. (Elkarrizketa txapelketa jokatu baino lehen egin zen, eta Iosune Urra izan da Grand Winner 21 urtez azpiko 61 kg baino gutxiagoko mailan eta brontzea izan da senior mailan). Espainiako Txapelketa duela hiru aste jokatu zen, eta finalerdietan arerioak nahi gabe buruan belaunarekin jo ninduen. Arbitroak ez zuen ikusi eta ezin izan zuen konbatea gelditu. Oxigenoa jarri behar izan zidaten eta ez dut gertatutakoa oroitzen. Kontua da ez zidatela hirugarren postuagatik borrokatzen utzi. Halakoak gertatzen dira, ez dago arazorik.
Eta nazioarte mailan?
Otsaileko lehen astean Europako Karate Txapelketa jokatuko da Chipren. Oraindik ez dute hautatuen zerrenda argitaratu, baina bertan egotea espero dut, eta sorpresak ematen jarraitzea. Ilbeltzean ere Espainiako Senior Mailako Txapelketa jokatuko da Ourensen. Kategoriako gazteena naiz eta esperientzia hartzea da helburua, presiorik gabe.
Eta honi guztiari Goi Mailako Kirol Egokitze ikasketak gehitu behar dizkiozu. Nola moldatzen zara?
Gogorra da, goizean ikasketetan kirol asko egiten dugulako eta arratsaldean karateko entrenamenduak ditudalako, baina moldatzen naiz.
2024ko Pariseko Olinpiar Jokoak gertu daude.
Baina tamalez karatea ez da Parisen Olinpiar jokoa izango, aurten kendu baitzuten jokoen zerrendatik. Pena da. Hala ere, niretako karatea hobbya da. Etortzen den guztia ongi etorria, baina nik badakit ez naizela honetatik biziko. Beraz, nire egunerokoan lehiatzen jarraituko dut orain arte bezala, gustura.
Igandean omenaldi beroa egin zizuten Irañetan.
Bai. Turkiatik bueltatu nintzenean geltokian harrera handia egin zidaten. Berriozarko lagunak zeuden, eta Irañeta erdia. Asko poztu nintzen. Eta igandean Irañetan niri eta Espainiako Enduro Txapelketa irabazi duen Markos Beraza lehengusuari omenaldia egin ziguten. Ni berehala hunkitzen naiz, eta osaba-izeba aurreskua dantzatzen ikustea... sekulakoa izan zen, hunkigarria. Herria gurekin gogoratzea oso polita izan zen.
Mundialeko brontzeko domina oso polita izango da, baina baita Irañetako txapela ere.
Jakina! Oso eskertuta nago irintar guztiekin. Auzate ederra prestatu zuten eta oso ongi pasa genuen. Ondoren lagunekin bazkaltzera joan nintzen. Deskonektatzea primeran etorri zitzaidan. Eguberrietan lasaiago ibiltzea espero nuen, baina abenduaren 30ean Madrilen beste kontzentrazio bat dut. Oso pozik nago.