Argindar linearekin, Madrilera

Guaixe 2023ko mai. 10a, 09:01

Irañeta erditik pasatzen den goi tentsioko argindar linea.

Herritik pasatzen den argindar linearen zatia lurperatzeko eskaera eginen dute udalak eta foru administrazioak.

Nagusia eta Ardanzeta kaleen bidegurutzearen ondoan, Irañetako herri gunearen sarreran, 220 kV-ko goi tentsioko elektrizitate dorre bat dago. Argindar linea horrek beste hiru dorre ditu herrian bertan, ekialdera bat (166 metrora, herri sarrerako eskuinaldeko etxeen atzean) eta mendebaldera beste bi (100 eta 204 metrora, bata etxe baten ondoan, bestea elizaren hegoaldean). Nafarroako Gobernuko teknikari batek etxeetatik gertu lau dorre daudela ikusita, Irañetako Udalari jakinarazi zion herri parean behintzat, argindar linea lurperatzeko eskaera egin zitekeela Madrilen. Udalak eta Nafarroako Gobernuak eskaera hori eginen dutela jakinarazi du Iñaki Arangoa Zia alkateak. 

Bestetik, Altsasu-Urdiain izeneko 30 kV-eko zirkuitu bakuneko aireko linea Irañeta eta Uharte Arakildik ere pasatzen da. I-DE Redes Electricas Inteligentes SAU enpresak Irañeta eta Uharte Arakilen arteko linea zatia altuago joatea nahi du. Horretarako, dorre edo euskarri altuagoak jarri nahi ditu. 1.322. eta 1.339. euskarrien artean berritzeko proiektuak baimen guztiak jasoak ditu eta lur desjabetzeak egin dira. Izan ere, dorrea zenbat eta altuagoa izan, orduan eta oinarri zabalagoa behar du.