Irañetako zubiko estribuak konpontzen ari dira

Guaixe 2023ko abu. 2a, 10:00
Kisusgileak Irañetako zubiko estribu batean lanean. UTZITAKOA

Uholdearen indarrak harriak mugitu zituen 

Kisusgileak Arakil ibai gaineko zubian lanean daude garilaren 17az geroztik. 2021eko abenduaren 10eko uholdeek zubi osoa urpean utzi zuen; uraren indarrak lau estribuak kaltetu zituen, harriak mugitu eta tokiz kanpo utzi zituen. Kontuan izanik estribuen egitekoa zubiko hiru arkuen bultzadei eustea dela, Irañetako Udalak konponketa premiazkoa jo zuen, baita horretarako dirulaguntza lortu ere. Lanak Lakita enpresa egiten ari da 65.000 euroren truke, eta agorrila akaberarako despedituta egonen dira. Enpresa bera Tufetako bidea konpontzen ari da, eta lan horrengatik 34.000 euro jasoko ditu. 

Bestetik, Zabalgo bidea egokitzeko eta konpontzeko lanak ere egiten ari da Beraza enpresa, eta bukatzean 26.000 euro kobratuko ditu. Bideen lau kilometro pasako luzeran ezpondak garbitu, bideko zorua konpondu, drainatzeak jarri, inguruko sasiak garbitu eta bestelako lanak egiten ari dira.