Donibane auzoan jaiotakoa da Miren Jimenez Garcia. Iruñeko Bigarren Zabalgunearen ondoren, hiriburuko auzo "berrietako" bat da Donibane. "Eguarasko etxeek (Eunate monasterioa eta Iratxe monasterioa kaleetan), esaterako, 70 urteak gertu izanen dituzte", zehaztu du Jimenezek. Bere gurasoak Bergamin kalean bizi izan ziren aurretik. "Aitak pisua Donibanen erosi zuen, eta amak ez zuen inolaz ere hara bizitzera joan nahi. Berarendako, hura munduaren akabera zen. Errepide txikiak zeuden, kale guztiak asfaltatu gabe zeuden... Hura zen... Amak ez zuen inolaz ere joan nahi".
Txikitako eta gaztetako Donibane auzoko oroitzapen "zoragarriak" ditu Jimenezek: "soroz inguratuta geunden. Etxe baxuak zeuden. Gure etxeak San Alberto kooperatibakoak dira (San Alberto Handia kalea), eta 60-61 urte izanen dituzte. Etxe atzean artaldeak ikusi izan ditut". Txikitan "oso ongi" bizi izan zirela oroitzen du. "Beste modu batera bizi ginen. Donibaneko Alde Zaharra herri baten modukoa da. Gure inguru hartan, denak elkar ezagutzen segitzen dugu. Erdigunerantz igo, eta beste jende bat da. Haiekin ez dugu batere harremanik". Azaldu duenez, Txantrean zortzi eman zituen bizitzen, han taberna baitzuten. Hura utzita, atzera ere, sorlekura, Donibane auzora bueltatu zen. "Eta nirekin txantrear bat eraman nuen".
Jimenez "herri" batetik beste herri batera aldatu da: Irañetara. "Amaren gaixotasunaz aparte, urteak generamatzan herri batera bizitzera lekualdatu nahi genuela. Semeak oraindik ikasten zeuden, gure ekonomia egoera ez zen egungoa bezalakoa... Baina aspaldi gustatzen zitzaigun ideia". Gainera, bere semeak urteetan pilotan jolastu dute eta ibarreko txapelketetan jokatu zuten. Irabazitako txapelaren bat ekarrarazi zidaten. "Oso harro daude". Sakanarekin harreman handia zuen Jimenezek: "Joanes Bakaikoa pilotaria ezagutzen genuen, Joxi aita, asko. Sakandarrekin bagenuen harremana, eta ibarra pixka bat ezagutzen genuen".
Etxeak Uharte Arakilen, Lakuntzan, Unanun... begiratzen egon baziren ere, Irañetaren alde egin zuten "ia-ia duda egin gabe". Jimenezek azaldu duenez, "Irañetaren oroitzapen zoragarria nuen. Oso herri erosoa iruditzen zitzaidan. Gainera, ama gurpildun aulkian ibiltzen da. Dena batu zen". Batetik, "Iruñea, Irurtzun eta Altsasurekin lotura; hirurak ‘salbatzen zaituzten’ nukleoak dira. Oso gertu zaude". Hori izan zen etortzeko arrazoi nagusia. Bestetik, “etxea oso erosoa da". "Eta, jakina, ingurua liluragarria da. Gainera, etxeko lorategira atera eta paisaia ikusi nuenean, bertan gelditzean nahi izan nuen. Maitemindu ginen, asko gustatu zitzaigun". Azaldu duenez, "ama gurpildun aulkian eramanez ia iturbururaino joan naiteke paseatzen. Gauza asko elkartu ziren".
Paisaia
Bi urte dira irintarrak direla. "Jendea oso jatorra da, eta oso ongi egoten da. Paseoak daude iturburura, hariztira, Uharte Arakilera... Ihabarrerantz ez dut jotzen, errepidea delako-edo". Herriko txokorik gogokoena etxean bertan du Jimenezek: lorategia. "Horra atera, eta Beriain eta Aralar ikustea zoragarria da. Ez dugu toki ederragorik opatu behar. Lorategiko ikuspegia ikusi, eta erabaki genuen ez genuela gehiago bilatzen segituko". Aitortu du Madalen Haitz ere asko gustatzen zaiola.
Jimenezendako "deskribaezina" da sentitzen dutena. Gogoko paisaia ikusteko, askotan bazkaldu eta afaltzen dute kalean, "eta aldamenak harritu egiten dira, ez baitute halakorik egiten. Gu, Iruñean, nitxo batean bizi ginen. Hona iritsi, halako paisaiadun lorategia izan eta etxe barruan bazkaldu? Niretako, bekatua da. Ahal den guztietan jatorduak kalean egiten ditugu". Ahal duten bizitzarik gehien egiten dute lorategian. "Ni ez naiz batere kalezalea; Iruñean oso gutxi ateratzen naiz. Baina hemen kalera ateratzeko desiratzen nago”. Ama gaixo izanda, "behartuta nago etxean", baina halako espazioarekin "bestelako askatasun bat sentitzen da. Lorategira atera, belar bat kendu, makina hartu, landarea daramazula... Egitekoen zama asko arintzen dit". Iruñeko pisuan semea dago, eta han gelditzea bazuten. "Baina, aztertu, eta Irañetara etortzea erabaki nuen. Nahiz eta Iruñean denda eta mediku ugari izan ondoan, autoarekin 20 minutuan han nago. Larrialdi bat? 20 minutuek ez gaituzte ezertaz libratuko. Hemen beste bizi kalitate bat dago, askoz handiagoa. Alde handia dago. Ez du zerikusirik. Isiltasuna, txorien kantuak.... Hori da ohikoena. Autoren bat noizean behin hemen; trenak aldian-aldian. Iruñean, Villavesak, klaxon hotsak... Honek ez du zerikusirik. Pozik gaude".