Zirika Zirkus konpainiak Irañetan bere lan berrien aurre-estreinaldiak egiten ditu. "Beti egiten dugu eta pila bat eskertzen dugu", esan du Ainhoa Juaniz konpainiako kideak: "Oso publiko ona da; gustatzen zaigu jendea etortzea lantzen dutelako ere". Konpainiarendako "termometro" bat da, "hor funtzionatzen duena, horrela gelditzen da". Aurre-estreinaldian jasotako feedbackarekin lana "hobetzen" joaten dira. Asteartean, uztailaren 25ean, aurremustu zuten Irañetan konpainiaren lan berria: Azken fakirra?. "Jende pila bat agertu zen, gradak bete ziren eta atzean ere jendea zutik zegoen".
Ikuskizunean 180 bat urte dituela esaten duen fakir bat agertzen da eta jubilatzeko eta jubilatuen gauzak egiteko garaia heldu zaiola uste du, azaldu du Juanizek. Bigarren pertsonaia bere iloba da, fakirra izan nahi duena, baina oso beldurtia dena: kristalei, suari, ilarrei eta abarrei beldurra die. "Ikuskizun oso komikoa da". Orduan, bien artean fakirren ikuskizun bat egiten dute eta iloba beldurra gainditzen doa.
Zirika Zirkusen ikuskizunek beti dute zentzu didaktikoa, eta Azken fakirra? ikuskizunean, besteak beste, maskulinitate toxikoa landuko dute. Ez da ikuskizunaren gai nagusia, baina hori islatu nahi dute ere. "Bi gizonen arteko, osaba eta ilobaren arteko, harreman polit bat agertzen da. Osabak beti errefortzu positiboa erabiltzen du, zer ongi ari den esaten dio, besarkatzen du...".
Horrelako ikuskizun batean barregura sortzeko errazena pertsonaien arteko lehian erortzea dela esan du Juanizek, baina Zirika Zirkusek beste alde batetik jo nahi izan du. Ez da ikuskizunak landuko duen gai bakarra: "Beldurra "ez da arazo bat, emozio bat da, norberarenak onartu behar ditugu". Gauzak egiteko beldurra "ezinbestekoa" da.
Barregarria
Azken fakirra? ikuskizunean ere magia egongo da. "Ikuskizun komiko bat da, zirkoa dago, baita magia ere. Magiak garrantzia handia du". Truko handiak egiten dituzte: "Gillotinarekin azenarioa moztu, ezpata lepotik sartzea eta beste aldera pasatzea... Nik askotan ikusi dut, eta hala ere gaizki pasatzen dut".
Ikuskizun "oso dibertigarria" da, eta irintarrek oso ongi pasa zutela esan du Juanizek. "Hoberena da oso ongi pasa zutela aiton-amonek, ume txikiek eta, zailena dena, 10 eta 12 urteko gaztetxoek. Horiek topera egon ziren".
Hurrengo urratsa ikuskizuna hartu eta bueltaren bat ematea izango da: "Zer falta zaion, zati honetan erritmo pixka bat gehiago eman edo beste hau oso luze gelditzen da eta moztu behar da...". Zirika Zirkusen lan berriaren bidea hasi da, eta zenbait data itxita ditu; besteak beste, Gaiarre antzokiko fatxadan urtero egiten duten emanaldia euskaraz eta gaztelaniaz. Hemenedikara! ikuskizunarekin ere "hemendik hara" ibili dira.