Mendia

Euskal Herriko Erdigunea, bilgune

Guaixe 2023ko urr. 10a, 11:00
Mendizaleak, Euskal Herriko Erdigunean. UTZITAKOA

150 mendizale inguru bildu ziren lurraldetasuna aldarrikatzeko ekitaldian

Beriainen dago Euskal Herriko Erdigunea, San Donato baselizatik gertu, Olibesarioko Saroian. Hala zehaztu zuen Felix Isasa ingeniariak, barizentroaren kontzeptuan oinarrituta. Eta toki enblematiko horretara beste behin mendi martxa antolatu zuten Sakanako Mendizaleak, Iratxok, Altsasuko Mendigoizaleak, Nafarroako Mendi Federazioak, Euskal Mendi Federazioak, Gure Eskuk eta Nafarroa Berriz Altxa taldeek, euskal lurraldetasuna aldarrikatzeko. 

Urriaren 1ean izan zen mendi ibilaldia. Bi adar atera ziren, bat Irañetatik eta bestea Senosiaindik, eta Erdigunean bilduta, ekitaldia egin zuten. Nafarroako bandera eta ikurrin erraldoiak zabaldu zituzten, eta Euskal Herriko probintzia guztiko mendizaleak bildu ziren bertan, 150 pertsona inguru. “Egun honek Euskal Herri osoko mendizaleen elkargunea izan nahi du, batasun festa” azaldu zuten. Ondoren, Irañetako bordan bazkaltzera bildu ziren, “Lakuntzako baba txikiak”.

Federacion Vasco Navarra de Alpinismo (FVNA) sortu zela ehun urte beteko dira 2024an eta mendeurren garrantzitsua ospatzeko makina bat ekitaldi prestatu dituzte Euskal Mendi Federazioak eta Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak, elkarlanean. Bertan parte hartzeko gonbita luzatu zieten bildutakoei. “33 urtez federazio bakarrean egon ginen. Autonomia Estatutuarekin banatu gintuzten, baina gu harremanetan egon gara beti, eta gogoz ospatuko dugu mendeurrena” azaldu zuten federazioetako ordezkariek.