Irañetan motor hotsa entzunez gero, gertu ibiliko da Markos Beraza Vitoria. 12 urterekin parte hartu zuen lehenengoz lasterketa batean, anaien pausoak jarraituz, eta berehala hasi zen nabarmentzen, Nafarroako, Euskadiko eta Zona Norteko moto-kros, cross country eta enduro ia txapelketa guztiak irabaziz. Lan kontuengatik, ezin du nahi beste motor gainean aritu. Nolanahi ere, eta oztopo guztien gainetik, bigarren urtez jarraian Espainiako Senior B mailako Enduro Txapelketa irabazi du, merezimendu osoz.
2022an lehenengoz irabazi zenuen Espainiako Enduro Txapelketa Senior B mailan, zenbait urtez bigarren postuetan ibili eta gero. Kosta zen, baina behin irabazita eta presioa kenduta, aurten bigarren urtez jarraian garaipena iritsi da. Topera zabiltza.
Topera baino, beti bezala. Aurten joan zen urtean baino errazagoa egin zait txapelketa irabaztea, arerio nagusia, bigarrena zen Jesus Duarte almeriarra udan lesionatu zelako. Horregatik azken lasterketetan nolabait esateko “lasaiago” aritu naiz.
Espainiako Enduro Txapelketak aurten bost proba zituen. Otsailaren 17an hasi zen, Santiagon (Galizia), eta urriaren 15ean despeditu zen, La Torre D´oristan (Katalunia).
Tartean hiru lasterketa jokatu ziren: marsuaren 17tik 19ra Olianakoa (Lleida), maiatzaren 5etik 7ra Lalingoa (Pontevedra), eta irailaren 15etik 17ra A Estradakoa (Pontevedran). Gure mailan, Senior B 4T mailan, hamabost motor gidari inguruk parte hartu genuen.
Txapelketa primeran hasi zenuen, lehen lasterketa, Santiagon, irabazi baitzenuen.
Bai, lehenengo egunetik irabaztera atera nintzen, argi eta garbi. Eta ongi atera da, bost probak irabazi ditudalako. Hasierako hiru lasterketetan lehia polita izan nuen Duarterekin, baina gero txapelketa ez zen horren estua izan. Hala ere, txapelketan beti adi-adi egon beharra dago.
Enduroak proba luzeak dira, erresistentzia handikoak.
Enduroa moto-krosaren eta cross countryaren arteko nahasketa antzeko bat da. Basoan 50-60 kilometroko zirkuitu bat prestatzen da, eta zirkuitu horren hiru toki ezberdinetan kronometratutako guneak daude, hiru gune. Sei-zazpi ordu irauten du enduro lasterketak. Kronometratutako gune bakoitza 10 minutu ingurukoa da. Gune horietan topera aritu beharra dago, eta puntu batetik bestera joateko loturetan, ordea, azkar bai, baina ez duzu topera joan beharrik.
Izugarri nekatuko zarete.
Asko. Sei-zazpi ordutan uneoro adi-adi egon beharra duzu, zure onena ematen. Gorputza eta burua, biak nekatzen dira. Jakina, maila onean aritzeko, entrenatu beharra dago. Horregatik, ni normalean uda ondoren sasoi hobean egoten naiz, udan entrenatzeko denbora gehiago dudalako. Azkeneko probetan, berez, hobeki aritzen naiz.
Kisuskilea izanik, ez duzu entrenatzeko tarte handirik izango.
Ez. Neguan bakarrik larunbatetan eta igandeetan entrenatzen dut. Irañetan aritzen naiz zertxobait, baina askotan kanpora ateratzen naiz, lehorrean entrenatzeko. Udan, eguna luzeago delako, entrenatzeko tarte gehiago dut.
"Jesus Duarte arerio nagusia lesionatu zenez, errazagoa egin zait irabaztea"
Denboraldi bakoitzeko motor bat erabiltzen duzu. Zer moduz ibili da lau eta erdiko KTM motor berria?
Oso ongi. 2008 urtetik denboraldi hasieran motorra aldatzea gustatzen zait. KTM motorren zalea naiz; izugarri gustuko ditut, eta, gainera, fidagarritasun handiena duten motorrak dira. Aurten zorteko naiz, ez baitut matxurarik izan. Ildo honetan ere, oso ongi joan da denboraldia. Mekanika kontuetan Santanderreko Zona Paddock dendakoek laguntzen didate, baina aurten ez diet lan gehiegirik eman.
Espainiako Enduro txapelduna zara, bigarren urtez jarraian. Poz handia izango duzu.
Bai, irabazteak beti poz handia dakar, baina lehendabiziko garaipena, joan zen urtekoa, bereziagoa izan zen. Lehenengo garaipena izan zen, eta, bestalde, bigarrenarekin, Duarterekin, denboraldi guztian barna borrokan egon nintzen. Beste xarma bat zuen, saltsa gehiago.
Duarteren faltan, aurten gehiago estutuko zintuen norbaiten falta izan duzu?
Azken txanpan borroka gehiago egotea faltan bota dut, txapelketa ikusgarriagoa izateko. Erosoago ibili naiz azken bi lasterketetan. Ez naiz lasai ibili, hemen ezin baita inoiz erlaxatu, baina ez naiz horren presionatuta sentitu. Beste modu batera ibili naiz.
Garaipena ospatu al duzu?
Etxean, familiarekin, pixka bat ospatu dugu, baina aurten ez dugu, joan zen urtean bezala, lagunartean ospatu. Dena den, garaiz gaude, zerbait egingo dugu. Azken lasterketara, A Estradara, Ruben anaiarekin joan nintzen, bera izan nuen laguntzaile. Elkarrekin ospatu genuen.
Txapelketa bukatu berri, dagoeneko hurrengo denboraldiko motorra begiratua izango duzu.
Bai (kar-kar). Egun dudan KTM-aren modelo berria hartuko dut. 2024ko bertako eta inguruko lasterketetan parte hartuko dut, baina oraindik ez dut Espainiako Enduro Txapelketan parte hartuko dudan guztiz erabaki. Litekeena da, baina egutegia eskuetan izan arte ez dut erabakiko. Bestelako proiektu batzuk ere aztertzen ari naiz.
"Enduroak irauten duen sei-zazpi ordutan uneoro adi-adi egon beharra duzu"
27 urte dituzu, oraindik kirol honetan maila gorenean aritzeko tartea baduzu.
Bai, eta motorrari lotuta jarraituko dut, hori oso argi dut, baina Espainiako Txapelketako egutegia zein den ikusi nahi dut. Aurtengo bost probak etxetik bost ordura jokatu ziren, baina entzuna dut agian datorren urtean lasterketa bat Huelvan jokatuko dela, eta beste bat Almerian. Bertara zortzi ordu pasa ditugu, eta dudan lana eta bestelakoak kontuan hartuta, gehiegitxo da, baita alde ekonomikotik ere. Horregatik, egutegia eskuan izan, eta guztia ongi aztertu arte ez dut erabakia hartuko. Ez dakit aurtengo Espainiako Enduro Txapelketa azkena izango den, edo hurrengo urtean lehiatuko naizen. Ikusiko dugu.
Team Beraza taldean ilobak eta beste haur batzuk motorrean trebatzen ibili zara. Zer moduz ibili dira txikiak?
Batzuek utzi dute, beste batzuek jarraitzen dute... Denetatik, baina jarraitzen dutenak oso gustura dabiltza. Ongi ibili dira, baina gehiago entrenatu behar dugula nabaritzen da. Gustura dabiltza, eta hori da garrantzitsuena. Bestalde, irailaren 29 zen Irañetako Enduro Txapelketa zen jokatzekoa, baina Ingurumen Departamentuko baimen kontu batzuengatik ezin izan genuen egin, bertan behera geratu zen. Ea hurrengo urtean zer gertatzen den.