Enduroa

Markos Beraza, etxean profeta

Maider Betelu Ganboa 2024ko uzt. 4a, 13:00

Markos Beraza Vitoria, enduro proban. UTZITAKOA

Ekainaren 23an etxeko proba, Irañeta Enducross, irabazi zuen Markos Beraza Vitoria pilotu irintarrak. Espainiako Enduro Txapelketako Senior B mailan lehiatzen ari da, eta sailkapeneko buruan dago, jokatutako hiru lasterketak irabazita.

Ekainaren 23an Irañeta Enducross Txapelketa jokatu zen, Nafarroako Motoziklismo Federazioak eta Beraza Eraikuntzak eta Proiektuak enpresak elkarlanean antolatutakoa. Probako arima Markos Beraza Vitoria motor gidari irintarra izan zen, guztia antolatzeaz eta prestatzeaz gain, lasterketan lehiatu baitzen. “Denetatik egitea tokatu zitzaidan: zirkuitua prestatu, lasterketa guztia ongi lotu, paperak eta bestelakoak egin... Lan handia da, baina gustura egiten dugu. Eta, horretaz gain, lasterketan parte hartu nuen” dio, irribarrez.

Orain arte hainbat enduro lasterketa jokatu izan dira Irañetan, baina aurtengoak bestelako berezitasunak zituen. “Zirkuitu iraunkor batean egin da, eta enduro eta motocrossaren arteko nahasketa zen. Hortik izena, Enducross Irañeta”. Hasieran entrenamendu ofizialak egin zituzten, irteerako parrilla edo pilotuen kokapena zehazteko, eta gero bi manga jokatu ziren kategoria bakoitzean. Manga bakoitza, kategoriaren arabera, 15 minutukoa zen, gehi bi itzuli gehiago. Itzuli bat egiteko hiruzpalau minutu behar izaten dira, pilotuaren arabera. 

Etxekoan, gustura
Open, 85cc-125 cc eta 65cc-50 cc mailatan jokatu zen Enducross Irañeta. Markos Beraza open mailan lehiatu zen, eta profeta izan zen bere jaioterrian. Itzuli azkarrena berak egin zuen, 2:28 minututan, denbora ikusgarria. Are gehiago euriagatik zirkuitua nola zegoen kontuan hartuta. “Aste osoa ibili ginen zerura begira. Tamalez, egun kaxkarra izan genuen, goiz guztian zirimiri egin baitzuen. Zirkuituan jarritako zenbait oztopo euriak kaltetu zituen, tarte horiek traba bihurtu ziren, eta tapoiak edo ilarak sortu ziren. Azkenean, zenbait oztopo kendu behar izan genituen eta hasieran eromen pixka bat izan genuen, baina gero ongi joan zen lasterketa” kontatu du Berazak. 

Irintarrak lasterketa hasieratik kontrolatu zuen, eta alde handiz gailendu zen (20:12), Xabier Otxotorenaren (22:25) eta Eneko Caminoren (22:32) aurretik. Azken bi urtez jarraian Espainiako Senior B mailako enduro txapelduna izan da Markos Beraza, eta estatuko makina bat podiumetara igo da, baina jaioterrikoak zapore berezia duela aitortu du. “Etxeko podiumak beti hobeak dira, etxeko jendea dagoelako”. 

Talde berria: UK Racing
Aurten ere Espainiako Enduro Txapelketan lehiatzen ari da Markos Beraza. Enduroa erresistentzia handiko proba da, asko entrenatu beharra dago sasoian egon eta fin aritzeko, eta entrenatzeko denbora falta, hori da Berazak duen arazoa, lanbidez kisuskilea delako eta lan karga handia izaten duelako. Aurten Espainiako Txapelketan aritzea zalantzan jarri zuen, horregatik, baina azkenean animatu zen. “Ahalegin betean nabil, beti bezala. Baina motorra utziz gero, zer egingo nuke? Guztia ere ez da lana izan behar. Motorra nire zaletasuna denez, aurrera jarraitzen dut”. 

"Beraza Team taldeko txikiak entrenatzen ditut. Gustura egiten dudan lana da"

Orain arte, Santanderreko Zona Paddock-ek ematen zizkion asistentzia eta laguntza mekanika kontuetan, baina aurten taldez aldatu da. Berangoko UK Racing da talde berria. “Aldaketak beti ongi etortzen dira. Ongi moldatu naiz aurrekoekin, eta baita egungoekin ere bai. Gure mundua txikia da, eta gure artean beti ongi moldatu beharra dugu”. 

Espainiako Txapelketan lider
KTM motorren jarraitzaile fidela da Beraza. Aurten ere KTM etxeko motor berria mustu du, lau denborakoa. “Urtero aldatu beharra dago, motorrari egurra ematen diogulako”. Espainiako Enduro Txapelketako hiru lasterketa jokatu dira Antasen (Almeria), Santiagon (Coruña), eta Infieston (Asturias), eta Senior B mailako lau denborako hirurak irabazi ditu. “Joan zen urteko txapelketan arerio zuzena zen Jesus Duarte almeriarra ez da lehiatzen ari, lesionatu zelako, eta nabari da. Alde horretatik, aurreko bi urteetan baino lasaiago ari naiz. Txapelketa bukatzeko bi lasterketa geratzen dira, azaroaren 10ean eta 11n Cozarren (Ciudad Real) eta azaroaren 24an Obejon (Cordoba) jokatuko direnak, eta agian beste hirugarren bat, lotzen badute. Egun 150 puntu ditut, eta beste 200 puntu egon daitezke jokoan. Hirugarren aldiz Espainiako txapeldun izan nahi badut, ezin naiz erlaxatu”. 

Beraza Team taldeko txikiak
Markos Berazak Team Beraza taldea sortu zuen, tartean Irene Beraza iloba eta bestelako neska-mutilak enduroan trebatzeko. “Nik entrenatzen ditut, baina gustura egiten dudan lana da. Asteazkenetan Irañetan entrenatzen dugu, eta asteburuan kanpora ateratzen gara, beste zirkuituetara. Txikiekin oso pozik, egia esan”.

Gaztetxoak Enducross Irañetan lehiatu ziren. “Ongi aritu ziren, oso gustura”. 85 cc kategorian Oier Canal gailendu zen, eta Irene Beraza (Beraza Team) laugarren sailkatu zen. 125 cc mailan Goiuri Urra izan zen azkarrena. 65 cc mailan Izan Ardanazek irabazi zuen, eta Aiur Makazaga (Beraza Team) bosgarren sailkatu zen. 50 cc mailan, Markel Viera izan zen parte hartzaile bakarra.