Nerea Lakuntza Gutierrezek esan duenez, Irañetan "urtean bitan ikusten naute beti". Irintarra Alemanian bizi da: "oraintxe Hannoverren bizi naiz, lehen, Berlinen bizi nintzen". Azaldu duenez, "badakit garagartzaroaren 6an joan nintzela, baina ez urtea. Joan nintzen eta ez nekien aste baterako, hilabete baterako, uda baterako... han segitzen dut. 10-12 urte direla uste dut".
Gaineratu duenez, "pixka bat sorpresa izan zen. Ez nuen sekula pentsatu Alemanian bizitzea". Leonardo beka jaso zuelako hartu zuen harako bidea. "Hiru hilabete, praktikak egiteko". Berlinen izan zen, eta asko gustatu zitzaion. Irañetara bueltatu zen eta "unibertsitatean zer edo zer ikasteko edo egiteko urte bat itxaron behar nuen. Eta pentsatu nuen: udan hizkuntzak ikasteko aprobetxatzera joanen naiz". Beti nahi izan zuen atzerrian bizi. "Baina denboraldi bat, urte bat edo bi, hizkuntza ikasteko eta, pixka bat, nire burua irekitzeko. Azkenean, Irañeta oso herri txikia da eta nik beti mundua ikusteko irrika izan dut". Maleta batekin joan zen. "Ez nuen ezta hemengo jendea agurtu, listo bueltatuko nintzela pentsatzen nuelako". Han segitzen du.
Hannover eta Berlinen artean "alde ikaragarri handia dago. Irañetarekin, gero eta gehiago". Esan duenez, "Berlinen munduko pertsona pila dago. Egunero plan desberdinak daude. Munduko musika guztia. Janari aukera pila dago. Kultura asko". Irañeta, berriz, "txikiagoa, lasaiagoa da. Beste era batekoa da. Hala ere, herriak xarma handia du: kalera atera eta natura dago, edonora oinez edo bizikletaz joan zaitezke..." Azaldu duenez, "Hannoverren jendea pixka bat itxiagoa da. Hemen ere oso irekiak ez gara atzerritarrekin. Bai, aldeak daude, baina antzekotasunak ere, asko izakeran".
Lakuntzak ez du huts egiten Irañetako festetan eta eguberritan. "Badakite Nerea etortzen dela eta txupinazoa botako duela". Egonaldi guztiak desberdinak dira. "Lehen astetxo baterako-edo etortzen nintzen. Ondoren pixka bat luzatzen hasi nintzen, lanak eta ikaskuntzak aukera ematen zidatelako. Orain lanagatik ezin dut hainbeste hartu. Nire oporrak hona etortzea dira, etxetik etxera". Normalean bakarrik etortzen da Irañetara. Baina lagunak ekarri izan ditu.
Harremana
Irañetara iritsita, aurreneko egin beharra "beti ama ikustea" eta familia bisitatzea dela aitortu du. Behin herrian dela, Lakuntzak egiten dituenetako batzuk dira: Urruntzure iturburura joan edo Aralarko santutegira igotzea. Azken hori ez du beti lortzen, baina oso gustukoa duela nabarmendu du. Herrian zerbait badago, parte hartzea gustatzen zaio.
"Orain lanagatik ezin dut hainbeste hartu. Nire oporrak hona etortzea dira, etxetik etxera"
Oporraldia bukatuta, "beti gelditzen da norbait bisitatu gabe. Niretako lekua egiten duen zerbait pertsonak dira, ez lekua. Nolakoa den lekua? Berdin du. Zer pertsona dauden leku horietan, hori da garrantzitsuena niretako". Hemen lagunak eta familia ditu. "Lagun batzuk Donostian edo Iruñean bizi dira, eta lana egin behar dute. Azkenean, batzuetan ez dugu bat egiten". Horrek penatzen du. Edo ilobekin denbora gehiago pasatzea, jolastea, zirkua egitea, igerilekura joatea... "Halakoen falta sumatzen dut".
Alemaniara bueltan, Irañetatik abiatzean maletaren erdia edo gutxiago arropaz beteta dago, eta gainontzekoa janariz beteta doa. "Beti eramaten dut Uharteko harategiko urdaiazpikoa, txistorra eta txorizoa, eta Unanuko gazta". Irañetatik eramaten duen irudia etxeko leihoa zabaltzean ikusten duen paisaia da. "Eszena hori niretako Irañeta da. Baita jendearekin bizi izan dudana ere. Jendea da garrantzitsuena". Lakuntza festetan herrian bueltan izanen da.