Mendia

Euskal Herriko Erdigunera, lurraldetasuna aldarrikatzera

Maider Betelu Ganboa 2024ko urr. 11a, 14:00

Patxi Gaztelumendi, Pello Ruiz, Floren Beraza, Martin Montañes, Iñaki Arangoa, Unai Jimenez eta Mikel Goldarazena, aurkezpenean.

Federacion Vasco Navarra de Alpinismoren sorreraren mendeurrena ardatz, Beriaingo Olibesarion kokatuta dagoen Euskal Herriko Erdigunera Ibilaldia deitu dute urriaren 13an, zazpi probintzien batasuna aldarrikatzeko. Irañetako bordan jarraituko du festak.

Urriaren 13an Euskal Herriko Erdigunera Ibilaldia deitu dute bederatzi talde eta entitatek. Urriaren 7an aurkeztu zuten ekimena Irañetan, eta bertan ziren Mikel Goldarazena (Iratxo mendi elkartea), Pello Ruiz (Sakanako Mendizaleak), Martin Montañes (Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioa), Patxi Gaztelumendi (Gu ere bai!), Unai Jimenez (Gure Esku), Iñaki Arangoa Irañetako alkatea eta Floren Beraza antolakuntzako kidea. Haiekin batera Altsasuko Mendigoizaleak, Orhi Atarratzeko mendi taldeak eta Euskal Mendizale Federazioak antolatu dute eguna. "Euskal Herriko zazpi probintzietako mendi klub eta federazioek antolatu dugu Erdigunera ibilaldia, lurraldetasuna aldarrikatzeko" azaldu zuen Goldarazenak.

Erdigunea, Olibesarion
Euskal Herriko Erdigunea Beriaindik gertu, Andimendi mendilerroko Olibesario saroian dago, 1.236 metrotan. "Felix Isasa ingeniariak egin zuen kalkulua, barizentroaren kontzeptuan oinarrituta. Leku polita da, ikusgarria". Aspaldi hasi ziren Erdigunera Ibilaldia antolatzen. "Aurten, Federacion Vasco Navarra de Alpinismo (FVNA) sortu zela mendeurrena ospatzen ari gara, eta testuinguru horretan kokatu dugu Erdiguneko Ibilaldia". Aldarrikapena argia da. "Egun lurraldetasuna bigarren maila batean utzita dagoela iruditzen zaigu, eta kirolaren arloan nolabaiteko asimilazio bat dagoela Espainiako eta Frantziako selekzioekin. Kontrapisua izan nahi dugu, eta urriaren 13an zazpi probintzia garela aldarrikatuko dugu ozen. Nafarroako Mendi Federazioak eta Euskal Mendi Federazioak pauso bat eman dute elkartze aldera, eta bide horretan segituko dugu". 

Urriaren 13ko ekitaldia
Urriaren 13an Senosiaingo adarra 8:45ean abiatuko da erdigunerantz, eta Irañetako Bordakoa 9:30ean. Erdiguneko ekitaldia 11:30ean hasiko da, eta Felix Isasa zenaren seme Xabik, bi mendi federazioko ordezkariek eta Gu ere bai! eta Gure Esku taldeetakoek hartuko dute hitza. Irañetako Bordan pintxo potea egongo da, eta ondoren bazkaria, Lakuntzako baba txikiak. Bazkalondoan, nobedade gisa, Ehun Mendietako Mendizaleen Anaidiko diplomak banatuko dira. 

Euskal Herriko Mendi Biltzarra
Nafarroako federazioko presidente Martin Montañesek Euskal Herriko Mendi Biltzarra elkartea sortu berri dutela nabarmendu zuen. "Bi mendi federazioek sortu dugu, elkarrekin zenbait ekitaldi eta txapelketa antolatzeko: Euskal Mendizaleen Gala, Besaideko Oroimen Eguna, Euskal Herriko Erdiguneko Ibilaldia, abenduko Aralarko Mendigoizale Eguna... Elkarlanean pausoak ematea da helburua". 

'Gu ere bai!'
Patxi Gaztelumendik kirolak gure gizartean "sekulako garrantzia" duela gaineratu zuen. "Gure koloreak defendatzeko eta nazioartean ofizialtasunez aritzeko eskubidea defendatzen dugu, baina parte hartzen ere ez digute uzten". Horregatik, euskal mendizaletasuna zoriondu nahi izan zuen, "Nafarroako Mendi Federazioak eta Euskal Mendi Federazioak mendeurrena ospatzeko eta elkarte berria sortzeko elkarrekin egin duten bidea, dauden aukera legalak eta baliabideak hartuta, eredugarria baita, urrats garrantzitsua". Urriaren 13an Euskal Herriko Erdigunera batzeko deia egin zuen, eta bertara "gure ikurrak" eramateko gonbita egin zuen.

Gure Eskuko Unai Jimenezek azpimarratu zuenez, "agerian geratzen da erabakitzeko eskubidea eta burujabetza edozein esparrutan aldarrikatu behar dugula, baldin eta herri libre bat izan nahi badugu". 

Erdiguneko lau panelak
Euskal Herriko Erdigunea markatuta ez dagoenez , Irañetako Bordan, Ihabarren, Unanun eta Senosiainen panel informatiboak jarriko dira. "QR kode bat izango dute, hura sakatuta Erdigunearen informazio osoa jasotzeko" azaldu zuen Floren Berazak. Udalek eta kontzejuek hartuko dute kostua bere gain, eta azarorako jarri nahiko lituzkete. Goian ere ibilbidea nola markatu aztertzen ari dira.