Irañetako ur biltegiko lanak despedituta

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko urr. 29a, 09:00

Irañetako ur biltegia.

Ura etxeetara garbiago iristeko arazteko filtroak jartzeko lanak egin dituzte ur biltegi berrian. Azpiegituraren inguruan dauden larreak sasiz garbitu eta itxitura berritu du udalak

Barga azpian, Zabal dermioan, du Irañetak ur biltegia. Udala 2009tik dirulaguntza eskatzen ibili ondoren, ur biltegi berria 2020. urtean egin zuen, zaharra baino 150 metro gorago, herrigunetik bi kilometrora. Bi putzutan banatuta 240 metro kubikoko edukiera du. Baina ura etxeetara garbiago iristeko iragazpen sistema jartzea falta zen. Horregatik, ur biltegiko hoditeriaren giltzen gelan lanean izan dira Hidro Control enpresako langileak azken egunetan. Lanek 28.000 euroko aurrekontua izan dute, eta horiek finantzatzeko Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza izan du udalak.

Ez da inguru hartan Irañetako Udalak egin duen lan bakarra. Iñaki Arangoa Zia alkateak jakinarazi duenez, Zabalen eta Basabeko etxearen inguruan aziendak bazkarako behar bezalako larreak izateko, ingurua sasiz garbitu du. Langintza horretarako Europako funtsetako 37.560 euroko dirulaguntza izan du udalak. Horrekin lan guztiak ordaindu ditu. Gainera, itxitura batzuk ere berritu ditu. Alkateak jakinarazi duenez, lanak 13.686 euroko aurrekontua izan du, udalak 7.236 euro ordaindu zituen eta gainontzeko 6.450 euroak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarenak dira.


Sasiz garbitutako larrea.

Arangoak aurreratu duenez, "udalaren asmoa litzateke udaletxe zaharreko lanak emateko deialdia azaroan egitea". Izan ere, "lanak aurten hasi eta heldu den urtean despedituko dira". Udal eraikin horrek mediku kontsultategia hartu zuen, baina orain irintarrak Uharte Arakilera joatera behartuta daude. Udalak udaletxe zaharra "trasteak" gordetzeko erabiltzen du gaur egun. Eraikin hori erabilera soziokulturala emateko eraberritu nahi du Irañetako Udalak. Arangoak jakinarazi duenez, hura zaharberritzeko udalak esku artean duen proiektuak 176.108,46 euroko aurrekontua du eta Nafarroako Gobernuaren Toki Inbertsioen Planean jasota dagoenez, lanak finantzatzeko foru administrazioaren dirulaguntza jasoko du Irañetako Udalak.