Enduro

Markos Beraza Espainiako txapelduna, hirugarrenez

Maider Betelu Ganboa 2024ko abe. 12a, 12:00

Markos Beraza eta bere taldea, garaipena ospatzen. UTZITAKOA

Azaroaren 24an Cerro Murianon (Cordoba) erabakitako Espainiako Enduro Txapelketan senior B 4T mailako txapeldun izan zen Markos Beraza irintarra. Hirugarren urtez jarraian da txapelduna.

Aldaketekin hasi zuen denboraldia Markos Beraza Vitoria (Ziki Team) pilotu irintarrak. Azken urteetan Santanderreko Zona Paddock-ek ematen zizkion asistentzia eta laguntza mekanika kontuetan, baina aurten Berangoko UK Racing taldearekin aritzea erabaki zuen. Aldaketa ongi atera da, azken bi urteetan bezala Berazak Espainiako Enduro Txapelketako senior B mailako 4T txapelketa irabazi baitu lau denborako KTM motorrarekin. 

Enduroa zirkuitu iraunkor batean egin da, eta erresistentzia proba da. Espainiako Enduro Txapelketako azken proba azaroaren 24an jokatu zen, Cerro Murianon (Cordoba). Txapelketako baliagarria zen azken proba zen Cordobakoa, martxoaren 16an eta 17an Antasen (Almeria), apirilaren 27an eta 28an Santiagon (Coruña), ekainaren 8an eta 9an Infieston (Asturias) eta azaroaren 11n Cozarren (Ciudad Real) jokatutakoen atzetik. 

"Cordobakoa proba ederra izan zen; basoa primerako egoeran zegoen eta zirkuitua primerakoa zen. Sentsazioei dagokienez, behetik gora egin nuen. Nahiko hotz hasi nintzen, presioaren eta nerbioen eraginez, baina gutxika hobetzen joan nintzen eta, azkenean, guztiak bat egin zuen eta ongi bukatu nuen" azaldu du irintarrak. Txapelketa hasieratik lider jarri zen Markos Beraza, eta bukaerara arte lehen postuari eutsi dio, jokatu diren proba guztiak irabazita (225 puntu). Bigarren Pau Valero izan da (170 puntu). Joan zen urteko txapelketan arerio zuzena zuen Jesus Duarte almeriarra aurten ez da lehiatu, lesioagatik. "Alde horretatik aurreko bi urteetan baino lasaiago aritu naiz".