Irañetako Udalak udaletxe zaharra eta mediku kontsultategia hartu zituen eraikina berritzeko lanen deialdia egin du. Obrak 219.914,68 euroko (BEZ barne) aurrekontua du. Deialdian interesa duten enpresak abenduaren 19ko 12:00ak arteko epea dute eskaintza aurkezteko. Kontratua bere egiten duen enpresek sei hilabete izanen ditu lanak despeditzeko. Aipatu lana Nafarroako Gobernuaren Toki Inbertsioen Planean jasota dago, beraz, Irañetako Udalak lanak finantzatzeko dirulaguntza jasoko du.
Eraikinak, gaur egun, ez du erabilerarik bizigarritasun baldintza negargarriak dituelako, eta irisgarritasun, osasungarritasun eta barne egokitzapeneko hobekuntzak behar ditu. Lanak eginda, Irañetako Udalaren asmoa da eraikin berritua espazio soziokulturala bihurtzea bertan bilerak, prestakuntza ikastaroak, erakusketak eta abar egiteko. Besteak beste ludoteka, erakusketa aretoa eta gazteen aisialdirako gunea aurreikusi ditu udalak eraikinean. Izan ere, gaur egun herrian ez dago halakorik.
Eraikinerako irisgarritasun egokia emateko oztopo arkitektonikoak kenduko dira. Horretarako, arrapala inklinatu bat jarri behar da, bi aldeetan eskudela bikoitza duena. Aldi berean, iturgintzako eta saneamenduko instalazioak berrituko dira (bi bainugelak mugikortasun urriko pertsonendako egokituak izanen dira), baita elektrizitatea eta argiztapena ere. Era berean, eraikinaren eraginkortasun energetikoa, klimatizazio berria eta aireztapen mekanikoa hobetu nahi dira, leiho, ate eta pinturarekin batera. Teilatuko teilak aldatuko dira ere.
Irañetako udaletxe zaharra 1928an eraikitako eraikina da, karga-hormako egitura eta bi isurkiko estalkia ditu. Eraikinak oinplano angeluzuzena du, 140 metro karratu inguruko azalera (10,55 m x 13,10 m) duena. Erabilgarriak 105,27 metro karratu dira.
Eraikinaren banaketa
- Ataria 7,41 m2
- 1. aretoa 52,96 m2
- 2. aretoa 16,37 m2
- 3. aretoa 13,21 m2
- Korridorea 4,98 m2
- Instalazioak 2,76 m2
- 1. komuna 3,80 m2
- 2. komuna 3,78 m2
GUZTIRA 105,27 m2