Txapel Azpi elkarteak terraza izanen du

Guaixe 2025eko ekainaren 5a

Lurrean, arrosaz markatuta, portxeak hartuko duen azalera. ARTXIBOA

Elkartearen hegoaldeko paretan portxea eraikiko du eta 30 metro karratu inguruko azalera izanen du. Gaur egun espazioak erabilera du eta irintar ugari esertzen dira han dauden aulkietan hizketatzera, tragoa hartzera, erretzera edo frontoikoa ikustera.

Irañetako Udalak Txapel Azpi aisialdi eta gastronomia elkarteari baimena eman dio eraikinaren hegoaldeko paretaren kontra portxea egiteko. Terraza gisa erabiliko den eraikuntzak 29,54 m2-ko azalera izanen du. Portxearen teilatuari bi izei zutabek eutsiko diote. Haien gainean eta elkarteko paretan habe bana jarriko dira eta gainean teilatua, galbanizatutako txapazkoa izanen dena. Euri ura jasotzeko hodiak ere jarriko dizkiote teiladurari. Txapel Azpi elkarteko zuzendaritzaren asmoa da lanak aurten bertan egitea, lehenbailehen. Enpresa batek eraikiko du portxea.

Portxe edo terraza horren helburua da Irañetan dagoen aisialdiko eta gastronomiako elkarte bakarrari leku gehiago ematea eta herriari bizitasun handiagoa ematen saiatzea, bizikidetzan, gizarte kohesioan, parte hartzean, elkartasunean eta udalerriko bizilagunekiko eta bizilagunekiko errespetuan laguntzea. Azken finean, irintarren bizi baldintzak garatzea eta hobetzea.

Baldintzak
Portxea eraikiko den espazioa gaur egun kalea da, parean jolas parkea eta aldamenean frontoia ditu. Erabilera pribatibo horretarako baimena eman du Irañetako Udalak, baina Txapel Azpi elkarteak hainbat baldintza bete beharko ditu. Espazio hori erabiltzeko epea 99 urtekoa izango da gehienez ere, beti ere, elkarteak jarraitzen badu. Izan ere, Irañetako Udalak, 1974ko martxoaren 29an, osoko bilkuraren erabakiaren bidez, erabaki zuen udaletxeari erantsitako lokala Txapel Azpi elkarteari uztea, epe mugagabe baterako, betiere bazkideen kopurua ez bada 25etik jaisten.

Epea despeditzean, aipatutako zoladura eta egindako obra eta instalazio guztiak Irañetako Udalari itzuliko zaizkio, kontserbazio egoera onean, eta inolako kargarik gabe. Txapel Azpi elkarteak ezin izango dio udalari eskatu egindako obra eta instalazioengatik inolako kopururik ordaintzeko. Azkenik, udalak beretako gorde du emakida mugaeguna baino lehen berreskuratzeko eskubidea, interes publikoko gerora sortutako inguruabarrek hala justifikatzen badute.