Duela hiru aste hasi zituzten eskola zaharren eraikina birgaitzeko lanak Conslau eraikuntza enpresako langileek. Lanek 211.188,10 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Irañetako Udalak obra finantzatzeko Nafarroako Gobernuaren Toki Inbertsioen Planetik 139.237,88 euro jasoko ditu. Iñaki Arangoa Zia alkateak azaldu duenez, lanak azaroa hasierarako despedituta egonen dira.
Eraikinak ez zuen erabilerarik "bizigarritasun baldintza negargarriak zituelako, eta irisgarritasun, osasungarritasun eta barne egokitzapeneko hobekuntzak behar zituen" azaldu alkateak. Lanak eginda, Irañetako Udalaren asmoa da eraikin berritua espazio soziokulturala bihurtzea bertan bilerak, prestakuntza ikastaroak, erakusketak eta abar egiteko. Besteak beste ludoteka, erakusketa aretoa eta gazteen aisialdirako gunea aurreikusi ditu udalak eraikinean. Izan ere, gaur egun herrian ez dago halakorik.
Lanak
Eraikinerako irisgarritasun egokia emateko oztopo arkitektonikoak kenduko dira. Horretarako, arrapala inklinatu bat jarri behar da, bi aldeetan eskudela bikoitza duena. Aldi berean, iturgintzako eta saneamenduko instalazioak berrituko dira (bi bainugelak mugikortasun urriko pertsonendako egokituak izanen dira), baita elektrizitatea eta argiztapena ere. Era berean, eraikinaren eraginkortasun energetikoa, klimatizazio berria eta aireztapen mekanikoa hobetu nahi dira, leiho, ate eta pinturarekin batera. Teilatuko teilak aldatuko dira ere.
Eraikina 1928koa da, karga-hormako egitura eta bi isurkiko estalkia ditu. Oinplano angeluzuzena du, 140 m2 inguruko azalera. Erabilgarriak 105,27 m2 dira.