Jokin Azkona Martinez irintarrak Iruñea maiatzean utzi eta azarora arte herrian emanen du. Udaberriaren akabera, uda eta udatzenaren hasiera Irañetan emanen du. "Bizitza oso lasaia egiten dugu hemen. Oso gustura gaude Irañetan", azaldu du Azkonak. Denbora tarte horretan nahikoa beta izanen du gehien gustatzen zaion bere udako momentua behin eta berriz bizitzeko: mendian edo paseatzen ibiltzea. "Ia-ia egunero ateratzen gara paseatzera. Ez gara mendigoizale finak, batez ere, paseozale onak gara. Igo bai, baino nahiago dugu paseatzea". Azkona Kontxa emaztearekin batera joaten da ibilaldi horiek egitera. Gaineratu duenez, "ez gara oso goiztiarrak, goizeko bederatzietan edo hamarretan abiatzen gara. Ibilbidea lasai egiten dugu eta bazkaltzera etxera bueltatzen gara beti". Bi ordu inguruko paseoak egiten dituzte, "guretako nahikoa".
Iparraldean Aralar, hegoaldean Beriain edo Satrustegiko mendizerra ditu Irañetak, Azkonaren nahiak asebetetzeko aparteko tokiak. "Guretako dena oso hurbil dago, beraz, aprobetxatu egiten dugu. Batera edo bestera joan, berdin zaigu". Hala ere, ibilbideak egunero aldatu egiten dituztela azaldu du irintarrak."Normalean, aspertu egiten gara beti leku berera joaten bagara. Horregatik, egunero ibilbidea aldatzen dugu". Aralar magaleko haritz txikiak eta Satrustegiko mendizerrako mendi magaleko pagoak ez dira gauza bera, "baina paseatzeko, edozein gauza ona da".
Azkonak esan duenez, "ni bakarrik baldin banoa, hortik pixka bat 'galtzea' gustatzen zait, zer dagoen edo zer ez ikusteko", aitortu du Azkonak. Gaineratu duenez, "noizbehinka behar ez duzun lekuan sartzen zara". Halakoetan basurdeen pare ibiltzea tokatu izan zaiola esan du barrez.
Lasaitasuna
Egunero ateratzen dira etxetik. Paseo horiek egun batzuetan gertuago egiten dituzte, beste batzuetan urrutiago. "Noizbehinka lagunak gurekin etortzen dira. Edo gu haiekin joaten gara. Hori partekatzea gustatzen zaigu". Motxila txikia eramaten dute paseoetara. "Batez ere, ura daramagu, goiza pasatzeko". Haiek eta motxila etxean gelditzen dira euria ari badu.
Eta bideko paisaiarekin gozatua hartzen dute. Bidean bizitakoak "lasaitasuna eta bakea sortarazten dizkit. Azken finean, nahi duzuna egitea da. Baina batez ere lasaitasuna". Baina etxera bueltan Azkonak ez du usain berezirik gogoan ekartzen. Koloreak ezta ere. "Betikoak dira, eta betikoak beti dira onak".
"Telefono edo kamerarik gabe joatea nahiago dut; oroitzapenak barruan ditut"
Herritik hiriburura bueltatzen direnean mendian paseatzeari utzi eta Iruñean bertan egiten dituzte haien txangoak. Hala ere, aldian-aldian Irañetara bueltatzen dira eta egonaldi laburrak egiten dituzte. "Egonaldi horietan paseoak egiteko aprobetxatu egiten dugu". Bestela, orain egiten ari diren mendian barnako bueltekin eta paseoekin negurako indarberritzen ari dira. "Paseoak gogoratu eta lagunekin ere komentatzen ditugu. Beti gertatzen da hori". Hala ere, egiten dituzten ibilbide horien irudirik ez dago. "Ez zaizkit batere gustatzen argazkiak. Nahiago dut telefonorik edo kamerarik gabe joatea. Lasai-lasai ibiltzea nahiago dut. Oroitzapenak barruan ditut. Besterik ez", nabarmendu du Azkonak.
Batera edo bestera joan, bikotea asebeteta bueltatzen da etxera. "Pilak kargatzeko" bazkaria eta siesta ez ditu galtzen irintarrak. Hurrengo eguneko paseorako prest.