mendia

Euskal Herriko Erdigunera, ongi seinaleztatuta

Maider Betelu Ganboa 2025ko urr. 10a, 13:00

Euskal Herriko Erdigunera Ibilaldia aurkeztearekin batera, Erdigunera joan ahal izateko Irañetan jarri duten panela aurkeztu zuten.

Zortzi eragilek antolatuta, Euskal herriko Erdigunera Ibilaldia egingo da urriaren 12an, igandea, lurraldetasuna aldarrikatzeko. Bost udal eta kontzejuk Erdigunera nola iritsi jasotzen duten panelak egin dituzte, eta lehena Irañetan jarri dute. Giro ederra espero da

Urriak 12, Hispanitatearen Eguna, "guretako horren arrotza den eguna. Horregatik, guk Euskal Herri osoa nabarmendu nahi dugu egun horretan, zazpiak bat garela, hemen herri bat dagoela, Euskal Herria, estaturik ez duen nazioa, bere hizkuntza duena, euskara, eta kirolari begira gure selekzioak aldarrikatu nahi dituena. Hori guztia aldarrikatuko dugu urriaren 12an Euskal Herriko Erdigunera Ibilaldian" nabarmendu zuen Iratxo elkarteko Mikel Goldarazenak eguna aurkezteko urriaren 6an Irañetan egin zen prentsaurrekoan. 

Erdigunea, Beriainen
Felix Isasa ingeniariak, barizentroaren kontzeptuan oinarrituta, Euskal Herriko erdigunea Andiako Mendilerroan dagoela zehaztu zuen, Beriaingo San Donato baselizatik gertu, Olibesarioko Saroian (1.236 m). 2004. urtean monolito txikia kokatu zen bertan. Iratxo elkarteak antolatutako Sakanako Ibilaldia bertatik pasatzen da, eta denborarekin lurraldetasuna aldarrikatzeko Euskal Herriko Erdigunera Ibilaldia martxa antolatzen hasi ziren. Ekimenera Sakanako Mendizaleak taldea batu zen, eta haiekin batera Altsasuko Mendigoizaleak, Atarratzeko mendi taldea, Gure Esku, Gu ere Bai!, Euskal Herriko Mendi Biltzarra eta Irañetako Udala dira igandeko martxa antolatu dutenak. 

Ibilaldiak urte asko daramatza, "baina Erdiguneko ekitaldiaren ondotik bazkaria eta festa antolatzen ditugula 10-11 urte izango dira" zehaztu zuen antolakuntzako Floren Berazak. Hasieran Irurtzunen egiten zen bazkaria, baina berehala Irañetako Basakoetxea bordan egitea erabaki zuten, Irañetatik abiatuta erdiguneranzko ibilbidean dagoelako. Urtetik urtera, harrera hobea du egunak. "Joan zen urtean ekitaldian 200 pertsona inguru bildu ziren, eta bazkarian 80 pertsona inguru. 10 kilo babatxiki prestatu genituen" gogoan du. Babatxikiak dira eguneko plater izarra, saiheskiekin eta bestelako sakramentuekin, baina beste zerbait prestatzen da beti.

Ibilaldia eta aldarrikapena
Urriaren 12n bi adar aterako dira Erdigunerantz. Senosiaingo askatik, bata (8:45), eta Irañetako bordatik, bestea, 9:30ean. Erdigunera iritsita, ekitaldia izango da bertan, 11:30ean. Iazko ekitaldian Nafarroako Mendi Federazioko lehendakari Miren Eizmendik azaldu zuenez, "bi federazioen arteko sintonia erabatekoa da", eta horren isla, Nafarroako Mendi Federazioak eta Euskal Mendi Federazioak elkarlanean sortutako Euskal Herriko Mendi Biltzarra (EHMEBI) aurkeztu, eta hura babestera deitu zituen bildutakoak. Jakina, igandeko ekitaldian lurraldetasunari, Euskal Selekzioei eta bestelako ekimenei ahotsa emango zaie berriz.

Ondoren bildutakoak Irañetako bordara jaitsiko dira, pintxopotera. Bertan Idoia Granizo eta Sahats Karasatorre bertsolariak entzuteko aukera izango dute, 14:00etan, "eguna eta pintxopotea girotzeko". Ondoren bazkariaren txanda izango da. 

EHMEBI, martxan
Irañetan EHMEBIko Iratxe Osorok hartu zuen hitza. "Iaz, Federacion Vasco Navarra de Alpinismo (FVNA) sortu zela mendeurrena ospatzen ari ginela, bi federazioek sortutako Euskal Herriko Mendi Biltzarra erregistratu genuen, urriaren 1ean. Amankomunean zenbait ekitaldi antolatzen ditugu. Tartean daude igandeko Euskal Herriko Erdigunera Ibilaldia, abenduko Aralarko Mendigoizale Eguna eta bestelakoak". Biltzarraren "garrantzia" nabarmendu zuen. "Kirol Lege berrian, lurralde federazioei autonomia erkidegoez gaindiko elkarteak, hitzarmenak eta lehiaketak egiteko eskubidea aitortzen zaie, eta nazioarteko lehiaketetan parte hartu ahal izango duten Autonomia Erkidegoko selekzioak onartzen dira ere bai. Beraz, gure elkarteak zentzu gehiago du oraindik".

Erdigunerantz zazpi panel
Erdigunera nola iritsi erakusteko, zazpi panel jarriko dira. Lehena Irañetan jarri dute. Ibilbidearen xehetasunak eta track-a kontsulta daiteke. "Ihabar, Irañeta, Unanu, Uharte Arakil, Ollo eta Senosiain, bost toki horietatik nola heldu jaso dugu" azaldu zuen Irañetako alkate Iñaki Arangoa Ziak, aipatu herrien izenean. "Nafarroako Gobernuari bidea seinaleztatzeko dirulaguntza eskatu genion, baina ezezkoa jaso genuen, parke babestua delako". Tracka paneletik deskargatu daiteke.