Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak Zurrumurruen kontrako ipuin lehiaketaren seigarren edizioko sari banaketa Irañetan egin zen hilaren 20an, Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunean. Kulturartekotasuna eta kohesio soziala sustatzea, bazterkeriaren kontrako jarduna, baita arrazakeria eta xenofobiaren kontra jardungo duten pertsona eta entitate konprometituak sortzea eta sendotzea da zerbitzuaren helburua. Aurreiritziek eta desinformazioak, askotan, hesi ikusezina sortzen dute, eta horrek zaildu egiten du kulturen arteko bizikidetza. Oztopo horiek hausteko eta elkar hobeto ezagutzeko, antolatzen du zerbitzuak literatur lehiaketa. "Helburua zurrumurrurik gabeko Sakana baterantz pausoak ematen jarraitzea eta elkarbizitza oztopatzen duten jokabideak desaktibatzea", azaldu zuen Begoña Zestau Baraibar zerbitzuko gizarte hezitzaileak.
Lehiaketara sekula baino lan gehiago aurkeztu ziren: 50. Pantxika Lamurrek berezkoa duen umoreaz girotu zuen sari banaketa, argi utziz "arrazakeriaren aurrean, jarrera hartu behar" dela. Sarituek Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteko establezimenduetan erosketak egiteko txartel bana jaso zuten. Elkarteko ordezkariak, Irañetako udaleko kideak, zerbitzuko presidentea eta Sakana Harrera Haranako ordezkariek banatu zituzten aitortzak. Saritutako hamabi narrazio laburrak jasotzen dituen liburuxka Sakanako liburutegi eta ikastetxeetan daude.
Zurrumurruen ipuin lehiaketaren seigarren edizioko saridunak
Euskaraz
16 urtetik beherakoak
1. Alain Maiza Goikoetxea Berriro eguzkia Lakuntzan.
2. Alaine Senar Ormazabal Beldurren begiekin.
3. Anaitz Mendinueta Arretxe Wemblwyko lurrikara.
16 urtetik gorakoak
1. Enara Urra Tipoarena.
2. Eneida Carreño Gertukoa, jatorrizkoa.
3. Ane Miren Iruretagoiena Nor da gehiago?
Gazteleraz
16 urtetik beherakoak
1. Itxaso Lizarraga Beraza Camila.
2. Omar Haddadi Bourzik Una nueva vida. La historia de Samuel.
3. Lina Haddadi Bourzik Nova.
16 urtetik gorakoak
1. Abderrahim Klifi Roubi El rumor que no sabia quien era.
2. Salaheddine Klifi Roubi El rumor del pan.
3. Farah Klifi Roubi Viento de rumores.