Elizaren hegoaldean elkartu ziren irintarrak, hotzari eta euriari aurre eginez. 1925eko abenduaren 20an haizeak frontoiaren ezker pareta bota eta bost irintar hil zituela gogoratzeko elkartu ziren han. Iñaki Arangoa Zia alkateak irintarren aurrean hitza hartu eta esan zuenez, "ekitaldia ez ahazteko eta memoria gordetzearen garrantziaz" gaztigatu zuen. "Ekitaldi hau promes kolektiboa izan dadila: ez ahazteko eta herri solidarioa eta bizia eraikitzen jarraitzeko". Eskaera ere egin zuen: hildako bost irintarren "oroimena Irañetaren bihotzean presente izan dadila". Eta irintarrei eskerrak eman zien ekitaldian parte hartzeagatik.
Ondoren, bost haurrek hildako banaren izenak esan zituzten: Ruperto Yoldi Balda, Pedro Yoldi Ureta, Martin Unanua Esain, Jesus Huarte Irañeta eta Jesus Lizasoain Gastesi. Boste kandela bana utzi zuten oroigarriaren azpian. Ondoren, alkateak garai bateko frontisean jarritako bi plakak agerian utzi zituen. Handienean hildakoen bost izenak ageri dira. Txikian, berriz, datarekin batera "frontoi zaharraren erorketaren ondorioz zendutakoen omenez" esaldia irakur daiteke. Aurreskua dantzatu ondoren, irintarrek krabelinak jarri zituzten oroigarri nagusiaren azpian eta agur jaunak abestuz despeditu zen ekitaldia.