Irañetako Udalak abenduaren 21ean, igandearekin, mustu zuen bere gizarte egoitza. Eraikin horrek 140 m2 inguruko azalera du, eta haietatik erabilgarriak 105,27 m2 dira. Eraberritze lanak garagartzaroan hasi ziren eta abendurako despedituta zeuden. Obraren emaitza da espazioaren banaketa berria: hiru gela eta bi komun. Mustutzearen egunean gela handian Irañetako argazki zaharren erakusketa jarri zuen ikusgai udalak. Eta gela txikietako batean herriko irudi zaharrak zituen bide proiekzioa ikusteko aukera izan zuten irintarrak.
Negu gorriko eguraldia izan arren asko izan ziren eskola zaharren eraikin eraberritua barrutik ezagutzera gerturatu zirenak. Izan ere, mustutzearen aurretik irintarrek herriko tragedia bat izan zuten gogoan: frontoiko ezker pareta erori eta bost herritar hil zirela. Oroimen ekitaldia hura despeditu eta jendea zuzenean joan zen gune berritura, aterpe bila. Irudiak ikusten eta herritarrekin haien gainean kontu kontari ibili ondoren, Txapel Azpi elkartean auzatea izan zen.
Eskolan izan zen Iñaki Arangoa Zia alkatea ere. Berak azaldu zuenez, "erabilera anitzeko eraikina izanen da hau. Edozein gauzetarako prest egonen da. Guretako politena litzateke eraikina gauza bakar bati bakarrik ez eskaintzea, baizik eta hainbati, dela hitzaldia, dela argazki edo pintura erakusketak... Horretarako da". Hurrengo erabilera zein izanen den udalean pentsatzen ari direla esan zuen alkateak.
Berritutako eraikina 1928koa da eta Irañetako eskola zen, nesken eta mutilen gela banarekin. Hura eraberritzeko lanek 211.188,10 euroko (BEZ barne) aurrekontua izan zuten. Irañetako Udalak obra finantzatzeko Nafarroako Gobernuaren Toki Inbertsioen Planetik 139.237,88 euro jaso zituen.
Aldamenean dagoen frontoiaren ekialdeko eta hegoaldeko paretetan Iker Uribe margolariak egindako muralak eder luzitzen dute. Garai bateko soroko lanak, behorrak, saia eta auzatearen irudikapena daude tamaina handian margotuta. Udalak eskatuta margotu zituen muralok.