Anfibio espezieak behar bezala gara daitezen, Nafarroako Gobernuak Sakanako hainbat herritan urmael edo putzu txikiak egin izan ditu. Horiek interes handiko habitatetan egiten ditu, zeinetan landare eta animalia espezie ugari dauden. Putzu horiek eginez, anfibioei, zehazki baso igel jauzkariari (Rana dalmatina) ekosistema egokiak eskaini nahi zaizkio.
Ingurumenaren kudeaketarako Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoak, Orekanek, halako bi putzu egin ditu Irañetan berriki. "Aurretik bazeuden, baina lurrez eta bestelako materialez bete eta galdu ziren. Berriro hustu dituzte eta inguruan babes hesia jarri dute", azaldu du Irañetako alkate Iñaki Aranoa Ziak. Jakinarazi duenez, putzuetako bat Urruntzurako bidean dago, bestea, berriz, mendian.

Igel jauzkaria
Mehatxatutako anfibioa da baso igel jauzkaria. Toki hezeetan bizi da, askak edo basoan dauden putzu txikietan, hariztietan edo haiengandik gertu. Basoaren sakonean dauden espazio ireki, ongi argiztatuetan, eta ur asko dutenak ditu gogoko. Elorri, zuhandor edo hurritzak dauden tokien ondoan bizi da. Halako toki gutxi daude, eta elkarrengandik urrutik, eta igel mota horren "isolamendua" saihesteko eta bere ugalketa errazteko putzuak eraikitzen ari da foru administrazioa udalen laguntzaz.