Urruntzurako erreka busti gabe pasatzeko aukera ematen du errota ondoko zubiak, Txapelazpi eta Urruntzaldapeta dermioetara daramaten bideak hartzeko aukera ematen dutenak. Harrizko zubi txikia da, aspaldian hondatuta zegoena. Hori ikusita, eta egoerak okerrera egin aurretik, Irañetako Udalak hura konpontzea erabaki zuen. “Harri edo plantxa handienak errekan zeuden. Handik atera eta, atzera ere, zubian jarri ditugu”, azaldu du Iñaki Aranoa Zia alkateak. Harriak zementuz hartu dituzte, bai aldeetako estribuak, baita zubi gaineko babes hormatxoa ere. Gainera, zubiaren bi aldeetara dauden bi horma horien gaina zementuz errematatu du. Lanek 3.000 euro inguruko aurrekontua izan dute.