Sinfonika Afonika lan berria mustu zuen Zirika Zirkus konpainiak ekainaren 7an, Irañetan. "Ez etorri sinfoniko bat ikustera, ez delako", azaldu du Ainhoa Juaniz Ezpeleta taldeko kideak. Ikuskizunak bizi diren herrian mustutzea gustatzen zaie, "aurre estreinaldia esaten diogu", nahiz eta aurretik konfiantzazko jendeari erakutsi dioten ere. "Oso pozik" geratu zirela esan du Juanizek, "jendeak barre egin zuen guk uste genuen tokietan, beste tokietan agian ez; gauza batzuk aldatu nahi ditugu eta beste batzuk gehiago entrenatu". Juanizek sekula egin duen gauza bat egitea egokitu zaio: "Musikak nik jartzen ditut eta sekulako beldurra nion, errespetua". Clown kalitate handiko ikuskizuna dela azaldu du pailazoak.
"Oso pertsonaia bereziak dira; gaur egun aldatzen ari da, eta kontserbatorioak irekiagoak dira, baina imajinarioan dago oso karratuak direla, gogorrak". Hortaz, Sinfonika Afonikako zuzendaria kontserbatorioko musikaria da, eta pixkanaka malgutzea lortzen dute, "eta karratutasun hori apurtzea". Zirika Zirkusen ikuskizun guztietan bezala, "mezuak botatzen" dituzte: "Mezu feministak, ez klasistak, eta ahal dugun guztia". Helburua jendea ongi pasatzea, baina atzean mezu bat egotea "guretzat oso inportantea da".
Amaia Leoz Aznarez, Luis Lainez Toboada Boli, Irati Aldaya Bernal eta Juaniz bera dira Sinfonika Afonika ikuskizuneko pertsonaiak: "Ikuskizun hau lauekin da; Marietak-en, egiten jarraitzen duguna, hiru gara; Fakirra bi dira, Pantxika ni...". Animazioetan, organikoa denez, hiru edo lau izan daitezkeela azaldu du Juanizek.
Clown
"Hiru clown oso clown dauzkate; zenbaki oso onak, kalidade oso handia dago"
Ikuskizun berrian hiru kide izan behar zirela azaldu du pailazoak, "baina nahi zuten ni egotea. Nik ez nuen parte hartu nahi, gustatzen zitzaidan haien rolloa, eta ikusten duzuenean pentsatuko duzue: Zer pintatzen du honek hor?". Hiruren artean "oso material polita" zutela esan du Juanizek, "hiru clown oso clown dauzkate; zenbaki oso onak. Kalidade oso handia dago clownean. Gero zirkua dago, zirku potentea. Baina clowna...".
"Nire pertsonaiarekin lan teknikoetan daogen prekarietatea adierazi nahi dugu"
Juanizek egiten duen pertsonaia "hortik pululatzen joaten den pertsonaia" da, lan teknikoak egiten dituena: "Aurora Akomodadora, Nahikari Soinu Teknikari, Maria Sarmiento Mantenimiento... Lan teknikoetan dagoen prekarietatea adierazi nahi dugu. Batek lan pila bat egin behar dituela, autoproduzitzen garela...". Emakumeak ere teknikariak izan daitezkeela erakutsi nahi dute pertsonaia horren bidez. "Nire rolloa da, jendearekin egoten naiz...". Lan "serioagoa" besteek egiten dutela aitortu du, "nahiz eta oso zenbaki komikoak egiten dituzten"; bere papera "aldakorragoa" da. Ikuskizun honetan egotea "luxu" bat dela esan du Juanizek.
Klik
Sinfonika Afonika ikuskizuna musika batetik sortu zen. "Musika bat entzuten hasi ginen, laurok, eta hortik zerbait sortzen hasi zen". Musika hori ez da agertzen ikuskizunean, "baina horrek eraman gintuen gauza guztietara". Zirika Zirkuseko kideek horrela sortzen dute: "Txarlestrup-ekin Boli-k garbitzeko erabiltzen zen taula horietako bat instrumentu bihurtu zuen, eta katxarroak jartzen hasi zen. Tren Geltokia sortu zen Boli Madrilera joan zelako, bertakoa da, eta Rastroan maleta zahar batzuei argazki bat egin zielako. Esan nion hurrengo ikuskizuneko protagonistak izango zirela". Berrerabizi izan zen beste modu batean sortu zuten ikuskizun bakarra, "2020ko martxoaren 18an estreinatu behar genuen. Animazio bat zen, eta pandemiaren ondoren ezin zirenez animazioak egin, ikuskizun bihurtu genuen". Pantxika Lamurren Beroa dago... Eta gu gara azken ikuskizuna ere behar batetik sortu zen: "Gauzak sentitzen hasten gara, eta Alaznerekin hortik tiraka sortu genuen".
25 urte eta 24 bat ikuskizun daramatza Zirika Zirkusek. "Urtero animazioa ez bada ikuskizuna kaleratzen dugu". Animazioetan gai bat lantzen dute jolasaren eta dantzaren bidez. Ikuskizunetan "jendea eserita dago", baina konpainiaren zeinuetako bat interakzioa da. Euskal Herrian egiten dute lan, "nahiago dugu hemen geratu; beharrezkoa bada, aterako gara, baina momentuz nahiko dugu hemen", eta publikoari urtero "zerbait" eman behar diotela esan du Juanizek. "Animazioren bat zahartxo gelditzen bada, beste bat egiten dugu".
Ikuskizunetan euskara sustatzen saiatzen dira ere, baina elebiz edo gaztelaniaz egiteko aukera dute. "Esaterako, Tafallan gaztelaniaz eskatzen badigute, elebiz ere egin dezakegula esaten diogu; ikastola dagoelako eta abar. Euskaraz eskatzen digutenean zuzenean, aurrera". Gasteizen esaten badiete gaztelaniaz egiteko, negoziatzen dute: "Ez zaigu iruditzen; euskararen alde ahal dugun guztia egiten dugu". Pantxika Lamurrekin egiten dituen helduendako emanaldiak, esaterako, "mezu pila bat dutenak", feminismoa eta euskara "biak ahal bada, primeran, baina nik nahi dut mezua ulertzea eta gehiengoa erdalduna bada, hitz batzuk euskaraz esango ditut, baina gaztelaniaz egingo dut. Nahiagoko nuke dena euskaraz, baina batzuetan ezin da".
Urrian hasi ziren Sinfonika Afonika prestatzen, eta bidean arazotxo batzuk izan dituzte: "Duela bi hilabete estreinatu behar genuen, baina lankide bati zerbait aurkitu zioten eta aurrerago kenduko ziotela esan zuen; denon artean erabaki genuen lehenbaitlehen kentzeko. Estreinatuko genuela". Estreinatzeko bi aste gelditzen zirenean beste lankide bati lunbalgia bat eman zion, ikuskizun batean: "Aurten gertatu behar zitzaigun guztia gertatu zaigu. Hemendik aurrera, libre gaude. Dena ongi, aurrera". Besteak beste, ekainaren 21ean Kultur egitasmoaren barruan Betelun emanaldia egin zuten.
Jantziak
Zirika Zirkuseko elementu "oso inportante" bat Alazne Juaniz da: "Pisua du. Eszenografian, arropetan eta abarretan laguntzen du". Ikuskizun honetarako trajeak egin ditu, baina udarako zerbait motza egiten ari da orain.