Uda Sakanan 2026

"Jendearekin bildu, bazkariren bat prestatu, dantzatu... ni beti prest"

Maider Betelu Ganboa 2026ko uztailaren 31

Juan Angel Beraza gustura egoten da eltze artean.

Juan Angel Beraza Gastesiren zaletasuna kalera ateratzea eta sozializatzea da; bazkariak antolatu, dantzatu eta ahalik eta hoberenen pasatu.

Juan Angel Beraza Gastesi irintarrak oso argi du: "Gehien gustatzen zaidana kalean bilduta egotea da". Kalean bilduta egotea? "Bai, kalean oso ongi bilduta egotea (kar-kar)". Kisuskila ogibidez, jubilatuta dago eta bere zaletasunaz gehiago disfrutatzeko aukera du orain. "Ateratzea eta jendearekin biltzea, bai Irañetan eta baita Sakanako inguruko herrietan ere. Sozializatzea, finean. Eta horri lotuta, bazkari, merienda edo afariren bat egin behar bada edo dena delakoa antolatu, ni beti prest".

Sakanako txoko askotan aski ezaguna da Juan Angel Beraza. Juan Angel, eta bere irribarrea. Bera irribarrez ikustea nahikoa da edonor animatzeko. Irribarre gozoa, eta pertsona hobea. Sozializatu eta kozinatzeaz gaindi, Irurtzungo abesbatzako kidea da, edozein ekitaldi aurrera ateratzeko prestu egoten da, eta Sakanako herrietako festetan ikus dakioke bere beste zaletasun handiaz gozatzen: dantzatzea. "Anai-arreba guztiei gustatzen zaigu dantzatzea. Irañetako batek sarritan esaten digu: "hauek? Etxeko giltzak lurrera erori eta dagoeneko dantzan hasten dira! (kar-kar). Amak ere gustuko omen zuen dantzatzea. "95 urte zituela festetan plazan dantzatzen zuen". Baina, hala ere, uste du berazatarren aldetik datorkiela gehiago zaletasun hori. "Uharte Iruñeko berazatarrak ere oso animatuak dira, eta irintarrak, zer esanik ez".

Irañetan Txapel Azpi elkartea da sozializatzeko gune nagusia. "Eguerdian vermouth-a hartzera biltzen gara elkartean. Neguan asteburuetan, baina udan sarriago ateratzen gara. Udan kalean bizitza gehiago dago, eta elkartean ere". Sei-hamar lagun elkartzen dira, konpainia ederrean. Herri txikia izaki, 80 urtekoa eta 18koa elkarrekin egon daitezke taldean. "Gurekin bildu nahi duenak ateak zabalik dauzka. Edozein da ongietorria. Edonor elkartera sartu eta gu zerbait dastatzen ari bagara, gonbidatzen dugu. Gustura egoten gara. Bizitza honek daraman abiadurarekin... ez da gehiago behar. Konpainian, beti hobe".

Herrietako festak
Mila Etxarri emaztearekin eta lagunekin Sakanako festetako ohikoetakoak izaten dira. Berarendako Irañetako festak dira onenak, "argi eta garbi". Etxarri Aranatz eta Bakaiku oso gustuko ditu, eta gainontzekoetara joaten dira ere bai, gustura. "Gaur egun non dantzatzen den? Inon. Asko jaitsi da. Irañetan dantzatzen dugu. Berazatarrak elkartuz gero, taldetxo bat gara dantzan, eta gure plaza txikia denez, giroa sortzen da. Zergatik jaitsi den? Ez dakit ba. Guk valsak, tangoak, mexikanak... denetatik dantzatzen dugu, eta suelto ere bai, jotak eta beste, baina gazteek ez dute bikoteetan dantzatzen ikasi. Suelto dantzatzen dute, polka, kalejira, jotak... halakoak".

"Jendearekin erlazionatzea sanoa da. Oinazeak etxean utzi, eta beste edozertaz hitz egitea, hori bakarrik, sanoa da"

Juan Angel sukaldari
Juan Angelek ez du bere burua sukaldari ontzat. "Sukaldari ona ez, baina asko gustatzen zait". Ez du espezialitaterik. "Denarekin animatzen naiz: Hori bai, kantitate handitan kozinatzen dut. Nahiago dut 60 pertsonarendako paella bat prestatzea hirurendako baino". Autodidakta da, eta saltseatzea gustuko du. "Interneten begiratuta eta handik eta hemendik galdetuta... hala prestatzen ditut prestatu beharrekoak". Internet ez zegoenean, "pixka bat galdetu, eta inprobisatu, eta nire albiziora". Ihoteetan herritarrendako ardikia prestatzen du, eta festetan hamaiketakoa, 35 pertsona ingururendako baba txikiak txerri buztana eta paparrarekin, eta paellen lehiaketarako paella. "Festetan agian 15 paella prestatzen dira txapelketarako. Ez dut inoiz irabazi, baina ez da nire obsesioa, inondik inora". Edozer gauza prestatzeko prest dago, "beldurrik gabe. Hori bai, prestatzeko garaian urduri jartzen naiz, ea ongi aterako ote zaidan". Beti berarengana jotzen badute, ongi kozinatzen duenaren seinale.

Irañetako festa edo bestelako bazkari herrikoietan, beti laguntzeko prest. "Jendea etorri eta, Juan Angel, hau eta beste prestatuko dugu egun horretarako? Noski! Floren anaia, ni neu eta hurbiltzen dena, hor aritzen gara".

Etxean gordetzen du beharrezko azpiegitura guztia: hiru paellera, eltze handiak, suak, sukaldeko tresneria, platerak eta ontziteria. "Gureak dira, berazatarren bandarena. Urtero berazatarrek eta gastesitarrek bazkaria egiten genuenez, beharrezko azpiegitura prestatu eta erosi genuen. Nik gordetzen dut. Asko gara. Irañetako bordan egindako berazatarren azken bazkarian 90 inguru bildu ginen, Gabonetan berazatarrak amaren etxean biltzen gara...".

Sozializatzeak bizia ematen dio Juan Angeli, "zalantzarik gabe. Irañetan elkartean biltzen gara, baina Lakuntzara, Etxarri Aranatzera, Altsasura... joatea gustatzen zaigu. Jendearekin erlazionatzea sanoa da, eta oso gomendagarria, estresaren kontra ezin hobea. Beste herrietakoekin eta gazteekin biltzeko aukera ederra da. Izan ere, soilik gure adinekoekin biltzen bagara espiral itxi batean sartu, eta, azkenean, soilik oinazeez eta gaixotasunez hitz egiten bukatzen dugu. Gazteekin bildu eta oinazeak etxean utzi, eta beste edozertaz hitz egitea, hori bakarrik, sanoa da".